Jabi Patxon: "Euskarazko lanak plazaratzeko momenturik garrantzitsuena da"
Artista lekeitiarrak ‘Zu barik... mundua doia oker’ bi abestiko diskoa kaleratu du Kofradia Rock taldeagaz elkarlanean, eta Durangoko Azokan aurkeztuko du hirugarren urtez jarraian.

Zelan zaude zure azken bi kantak kaleratu berritan?
Pozik. Azkenean lan bat grabatzen duzunean, kaleratutako azken emaitza ikustea pozgarria da. Zure CD bat esku artean izatea gaur egun arrakasta bat da. Bi abesti dira bakarrik, Zu barik nik idatzitako kanta bat da eta Mundua doia oker blues estatu batuar baten bertsio bat da. Aurten ez dut denbora askorik izan, eta lan luzeagoak egiteko, gainera, diru gehiago behar da. Bi abesti dira, baina musikagaz daukadan lotura ez galtzeko nahikoa da. Maitalea eta lapurra sei kantako azken diskoaren jarraipena da.
Zelako harrera eduki du?
Gustatu zaie, polita dela esan didate orokorrean. Abesti pastela dela esan dit baten batek (barrezka), baina hori atera zait. Zure lana babestu behar duzu. Ez da erraza gaur egun gustatzea. Kritikak ere onak dira, beste fase batean zaudela esan nahi dute. Hasieran dena ondo dagoela esango dizute, animatzeko moduan, baina kritikak jasotzen dituzunean baloratzen dute benetan dagoena, seinale ona da. Nik beti diot bakoitzak bere gustuak dituela, baina ezin daiteke esan kanta bat eskasa denik, atzean dagoen lan guztiagatik bakarrik. Adibidez, zaila da irratian zure lana zabaltzea, daudenak oso onak dira. Gainera, ospea daukatenek bidea eginda dute, eta joera da haiengana joatea. Sortzaile berriei bide gehiago zabaldu behar zaizkie.
“Ez dut musika lerro zuzen bat jarraitzen, mugitzea gustatzen zait”
Zer mezu dago kanta bakoitzaren atzean?
Zu barik udazkeneko abesti erromantiko bat da. Abestiak perretxikoak modura ateratzen dira, ez dakizu non eta zelan aterako diren, eta horrela atera zait hau. Produkzio aldetik nahikoa sinplea da, zailtasun askorik gabekoa: gitarra klasikoa eta elektrikoa, baxua eta bateria erabili ditugu. Beste abestia blues bat da. Zein moldatu begira egon nintzen, eta hau bereziki gustatu zitzaidan. Gainera, nire musika ibilbidean erregistro berria da bluesa, orain arte folk eta rock-aren artean mugitu izan naiz. Mississippiko duela 100 urteko abesti zahar bat da: World gone wrong izena dauka, eta gaur egungo inguruko egoerak ekarri zizkidan burura. Hala ere, gero abestiak maitasunaren inguruan hitz egiten du, azkenean aipatzen du mundua okerrera doala, eta aukera ezin hobea iruditu zitzaidan bi abestiak batera joan ahal izateko.
Zaila egin zaizu mota desberdineko bi abestiak batzea?
Lehendabizikoa nire abesti bat da eta bigarrena moldatutakoa. Bi abestiak egiterakoan eroso lan egin dut, eta nire musikaren isladapen on bat dela uste dut. Ez zait bat ere ez kostatu. Beti mugitu izan naiz folk eta rockaren artean, baina musika aldetik, nahikoa zabala naiz, erregistro denak ditut gustuko, ez zait axola lehenengo balada bat egitea, eta gero rock gogor bat. Ez dut musika lerro zuzen bat jarraitzen, mugitzea gustatzen zait.
Nondik dator bertsioak egiteko gaitasun hori?
Nire letrak idazteko zailtasunak ditut batzuetan, gustuko dut, baina idaztekotan, barrutik irteten zaidan zerbait izan behar da. Musikarako, esate baterako, ez daukat hainbesteko zailtasunik. Letrak egiteko influentziekin jokatu behar da, orri zuri bat zara, handik eta hemendik hartzen dituzu ideiak. Sortzeko behintzat, hau da nire bidea. Bertsioetan, abestia bera gustatzen bazait, moldatzerakoan oso gustura nago, nire giroan. Abestia eginda dago, moldatu behar da, eta hori sormen lana da ere moduren baten, eta ez da erraza. Itzulpena egiterakoan, ingelesez lau hitzegaz esaten dutena guk zortzigaz esaten dugu.
Zergatik bluesa?
Beti gustatu zait, sasoiak daude musika bakoitza entzuteko. Oso errotuta dagoen musika mota da, rockean bluesa eta countrya dira oinarria. Musikaren oinarrietan lan egitea dut gustuko, sinpletasunean oso eroso nago, melodietan zailtasunik ez izatean. Beste musikari batzuek moldatutako abesti bat da, Bob Dylanek, adibidez, asko jarraitu dudan artista bat.
“Blues kanta moldatzearena geroago etorri zen, ez nuen beste abesti bat idatzi nahi, bestelako lanketa bat egin nahi nuen”
Zenbat lan dago atzean?
Beti dago lan handia. Abestia, adibidez, lehendik eginda nuen, baina egun batean forma eman nahi niola erabaki nuen. Musika idatzita zegoen, eta nahikoa argi nuen maitasun abesti bat izango zela. Idatzita ditudan abesti guztien artean, hau izan zen momentuan gehien arreta deitu zidana. Hori eskatzen zidan gorputzak. Blues kanta moldatzearena geroago etorri zen, ez nuen beste abesti bat idatzi nahi, bestelako lanketa bat egin nahi nuen. Pertsona konstantea naiz, beti nago lanean, eta behin buru-belarri hasten naizenean, lana amaitu arte ez dut atseden hartzen. Kanta bat ezin da egun bakarrean idatzi, egun askoko eta eguneroko lan bat da. Gauza bera gertatzen zait letrak moldatu eta aldatu ahal izateko. Pare bat aste behar izan ditut guztira bi abestirako bakarrik. Horrez gain, talde bategaz lan egiten duzunean desberdina da. Aurreprodukzioa egin behar da, lehendabizikoan ondo grabatuko dela pentsatzen da, baina entseguak beharrezkoak dira. Bost egin ditugu, azkenean dena ondo moldatzeko eta egokitzeko elkarrekin jo behar genuen. Egia esan, dena apur bat azkar egin behar izan dut irailetik hona. Azken orduko edozein ezbeharregaz zailtasunak izango genituzke lana garaiz entregatzeko. Zorionez, dena ondo joan da.
“Lehiakortasun handia dago, gaur egun maila oso handia dago, arlo denetan, gainera. Abesti oso onak daude, zaila da nabarmentzea”
Kofradia Rock taldeagaz egiten duzun bigarren elkarlana da.
EH Sukarra taldeko Fakun Calderon (bateria), Cesar Tejada (baxua) eta Asier Olaba (gitarra elektrikoa) ditut berriro bidelagun. Konexioa lortu dut haiekin. Nire kantak gustuko dituzte. Batzuetan ez da erraza lanekiko motibazioa lortzea. Zerbait ikusi zuten nire abestietan, eta hori niretzako polita da. Nahiz eta ni bakarlari moduan kontzertuak ematera ohituta nagoen eta eroso, gainera, babestuagoa sentitzen zara talde bategaz. Azkenean, musika talde lana da. Zuk abestia egin arren, musikari bakoitzak bere zatiak konposatu edo osatzen ditu. Talde guztiak gehitzen du kanta hobetzeko. Zure nahia batzuetan inposatu behar duzu, zure abestia delako, baina belarriak beti entzuteko prest ditut. Azkenean urteak daramatzagu musikaren munduan, badakigu bakoitzari zer gustatzen zaion, eta garrantzitsuena, giro ona mantendu nahi dugu. Gustura egin nahi dugu lan, eta ondo konpontzen gara, harmonian.
Hirugarren urtez jarraian Durangoko Azokan aurkeztuko duzu lan bat.
Euskarazko lanak plazaratzeko momenturik onena da, edo garrantzitsuena hobe esanda. 100 lan baino gehiago aurkezten dira, zu hor tartean egotea garrantzitsua da. Azokaren egunetan lanen bat aurkeztea bilatu izan dut azken urteetan. Ez du esan nahi nahitaezkoa denik, baina azken urteetan data hori hartu dut erreferentzia moduan. Lehiakortasun handia dago, gaur egun maila oso handia dago, arlo denetan, gainera. Abesti oso onak daude, zaila da nabarmentzea, baina gainontzekoak moduan, han zaude. Aurten, ez dugu zuzenekorik emango. Mauka Musikagintzaren postuan egongo gara egunen baten diska aurkezten.