Beltran eta Sololuze omenduko dituzte Zaldibarko hondamendiaren hirugarren urteurrenean
Zaldibar Argitu plataformatik domekako [otsailak 5] ekitaldian parte hartzeko deia egin dute.
Otsailaren 6an, astelehenean, hiru urte pasako dira Zaldibarko zabortegia hondatu zenetik. 2020eko Abuztuaren 19an baieztatu zuten Zabortegian aurkitutako gorpua Alberto Sololuze Markina-Xemeingo bizilagunarena zela, Joaquin Beltran Zallakoa bilaketa lanak, berriz, 2021eko maiatzaren 14an amaitutzat eman zituzten.
Urteurrenaren bezperan, domekan [otsailak 5], ekitaldia antolatu du Zaldibar Argitu plataformak. Hitzordua 12:30ean jarri dute, Eitzagan. Musika emanaldia, lore-eskaintza eta hitzartzeak egingo dituzte Beltran eta Sololuze langileak oroitzeko: txalapartariek, dantzariek eta Lucio Alonsok parte hartuko dute ekitaldian.
Plataformatik “interes publiko eta sozialak interes pribatuen gainetik jartzeko” eskatuko dute, baita Zaldibarren gertatutakoa “berriz ez gertatzeko bermeak exijitu” eta “erantzukizun publiko zein pribatu guztiak argitzeaz” ere. Antolatzaileek Eitzagako ekitaldian parte hartzeko deia luzatu dute.
Zabalik. Zaldibarko hondamendiarengatik bi auzi ireki ziren. Bata itxi egin zen 2021ean, Fiskaltzak eta auzipetuek sinatutako akordioarekin. Bestea, ingurumenaren aurkako delituagatik irekitakoa, Durangoko 1. Instrukzio Auzitegiaren eskuetan dago, eta zenbait pauso eman dira. Izan ere, azaroan jakinarazi zenez, Lakuako hiru ingurumen teknikari ikertzen ari da ustezko zuhurtziagabekeriazko prebarikazio delituagatik.