30 postu egongo dira Markina-Xemeingo Landare Azokan
Otsailaren 11n landare haztegiak, bertoko ekoizleen produktuak eta artisauen postuak izango dira Zelaian.
Otsailaren 11n egingo da Markina-Xemeingo Udalak Lea-Artibai Landa Garapenagaz elkarlanean egiten duen Landare Azoka. Antolatzaileek zehaztu dute 30 postu egongo direla Zelaian 10:00etatik 14:30era. “Helburua da landa eremuari eta lehen sektoreko ekoizleei bultzada ematea”, baieztatu dute.
Landare mintegien zortzi postu egongo dira, bertan, besteak beste, zuhaitzak, landareak, loreak, frutalak eta apaingarriak eskainiko dituzte. Bertoko produktuak saltzen dituzten 17 postu izango dira denetariko jakiak eskaintzen: Ogiak, gozoak, gaztak, mermeladak, ahatekiak, txerrikiak, txakolina, sagardoa, pasta ekologikoa edota eztia. Gainera, panpinak, egurrezko materialak, poltsak, zilar eta larruzko pitxiak eta bordatutako osagarriak egiten dituzten bost artisauek ere hartuko dute parte azokan
Azokaren osagarri, hitzaldia ere antolatu dute Aitor Onaindia BASOA fundazioko zuzendari teknikoak eta mendi ingeniariagaz. 11:00etatik aurrera, udaletxeko bilkura aretoan, Basogintza eta arbola espezie desberdinak izango ditu hizpide. Sarrera librea izango da.
Era berean, Landare Azokagaz batera, herriko Hemen Be Bai merkatari elkarteak merkatu txikia outlet feria egingo du 09:30etik 14:00etara, Zelaian.