Lea Artibai Amankomunazgoak ‘Konpost txapeldunak’ kanpaina jarri du martxan
2023 urtean organikoaren bilketa %10a handitzea izango da erronka.
Lea Artibain sekulako aurrerapausoak eman dira hondakin organikoen birziklapenean azken urteotan. Bizkaia mailan hondakin organiko gehien birziklatzen duen eskualdea da. 2021eko datuen arabera, Bizkaiko bataz besteko organikoaren bilketa tasa gainontzeko hondakinekiko %2,8a den bitartean, Lea Artibain %10,35a da. Hala ere, Lea Artibaiko Amankomunazgoaren ustez, “lortutako emaitzak hobetzeko tartea dago”. Horretarako jarri dute martxan ‘Konpost txapeldunak’ kanpaina. Erronka kolektiboaren bitartez hondakin organikoen birziklapenean aurrerapausoak ematen jarraitu nahi dute.
2020 urtean 1.005 tona organiko batu zituen Lea Artibai Amankomunazgoak. 2022an, berriz, 863 tonara jaitsi zen hondakin kopurua. Beraz, helburutzat jarri dute 2023-2024 urteetan 2020ko datuak berreskuratzea. Hori bai, zehaztu dutenez, “2020 urteko hilabete batzuk etxean konfinaturik egon ginen urtea izan zen, antza denez gehiago sukaldatu genuen gure etxeetan eta hondakinak modu zuzenean sailkatzeko aukera izan genuen”. 2023 urtean organikoaren bilketa %10a handitzea izango dute erronka moduan. Hori bai, kanpainari jarraipena emateko eta 2020 datuak lortzeko, 2024an ere beste %5a handitzea izango da Lea Artibaiko biztanleen erronka.
Hondakin organiko kopurua handitzeaz gain, kanpaina honek kalitatezko konposta sortzeko aholkuak ematea izango du ardatz. Kanpainak alde pedagogikoa izango du, non #PraktikaOnenGida-ren bitartez herritarrei zalantza ugari argituko zaizkien.
Kanpainaren euskarri digital nagusi gisa, web orrialde bat garatu dute, www.konpost-txapeldunak.eus , eta bertan, zenbatzaile baten bitartez, birziklatutako hondakin organiko kopurua eguneratuko dute bi astetik behin. Gainera, hondakin organikoen edukiontzi marroietan QR-dun biniloak itsatsi dituzte webguneraerabiltzaileak bideratzeko helburuagaz. Horrez gain, Facebook eta Instagram-eko kontuak sortu dituzte, @konposttxapeldunak erabiltzaile-izenarekin: “Helburua da herritarrek kalitatezko konposta egiteko beharrezko aholkuak jaso ditzaten eta, era berean, gaiarekiko sentsibilizazioa sustatzea”.