Markina-Xemeingo taberna eta denden inauterietako mozorro lehiaketarako izen ematea zabalik dago
Udalak eta Hemen Be Bai merkatari elkarteak antolatu dute, “saltokiak jaiaren parte izatera animatuz”.
Gero eta gutxiago falta da inauterietako eta Markina-Xemeinek denek ospatuko dituzte, baita taberna eta dendek ere. Udalak eta Hemen Be Bai merkatari elkarteak taberna eta denden mozorro lehiaketa antolatu dute. “Herriko dendari eta tabernariak ere inauterietako jaiaren parte izatera animatu nahi ditugu”, adierazi dute.
Parte hartu nahi dutenek, izena eman behar dute, sariak jaso ahal izateko, udaletxeko Berton bulegoan, otsailaren 15a baino lehen. Gero, tabernak gutxienez otsailaren 19an atonduta egon beharko dute egun osoan zehar. Dendek, berriz, otsailaren 16tik 18ra apaindu beharko dituzte erakusleihoak. Gaiari dagokionez, erabat librea izango da. Epaimahaia udaleko eta merkatari elkarteko ordezkariek osatuko dute eta dekorazioa, egindako lana edota originaltasuna moduko irizpideak hartuko dituzte kontuan. Kategoria bakoitzerako 150 euroko sari bat banatuko dute, bat dendarientzako eta beste bat tabernarientzako.