Latxiondo eta Madariagaren beste erakustaldi bat Lekeitioko trinkete txapelketan
Domekan [otsailak 12] Akarregi pilota elkarteak antolatutako ligaxkako azken jardunaldia jokatuko dute.
Atzo [otsailak 5] VII. binakako esku pilota txapelketako azken aurreko jardunaldia jokatu zen Lekeitioko trinketean. Latxiondok eta Madariagak haien hautagaitza sendotu besterik ez zuten egin, eta matematikoki, lehen postuan amaituko du ligaxka. Atzo 30-19 gainditu zituzten Rober eta Egaña. Partiduko lehengo sakea Latxiondori toka zitzaion eta jokaldi horregaz min egiten duela nabarmen geratu zen beste behin; guztira 17 tanto egin zituen sakegaz; bai sarera edo baita errebotera bideratuz ere. Nahiz eta Rober partiduari eusten saiatu eta tanto politak egin, 19an geratu ziren bergara eta mendaroarra. Latxiondok pilota gogor astinduz eta Madariaga sendo baten laguntzagaz, argi erakutsi zuten txapel gosea dutela aurten.
Bigarren partiduan, bigarren posturako lehian dabiltzan Telleria-Beraza eta Goitia-Foster bikoteek neurtu zituzten indarrak. Espero bezala, partida gogor, estu eta orekatua izan zen. Telleria eta Berazak 30-27ko emaitzagaz menperatu zituzten lekeitiarrak. Bikote orekatua osatzen dutela erakutsi zuten elgoibartarrak eta mallabiarrak, elkarregaz ondo konponduz eta huts gutxi egianez. Horrela, tanto asko gogortuaz Goitiaren freskotasuna eta garrari eusteko gai izan ziren osterako bere akatsak eragin zituzten.
Etxe-Gandiaga II eta Erkiaga-Conderen artekoa izan zen eguneko azken lehia. Etxeren bigarren partidua zen Lekeitioko trinketean, eta aurreko jardunaldiagaz alderatuta nabarmen gora egin duela erakutsi zuen. Horrela, Gandiaga II. ere konfiantzaz bete eta nagusitasun handia erakutsi zuten partida guztian ezinean eta besteen mendean aritu ziren Erkiaga eta Conderen aurrean. Azkenean 30-8, Etxe-Gandiaga bikotea nagusi.
Azkena. Domekan [otsailak 12] jokatuko da ligaxkako azken jardunaldia eta sailkapena pil-pilean dago. Latxiondo-Madariaga bikoteak matematikoki lehen postua eskuratu duen bitartean, beste bost bikotek sailkatzeko aukerekin jarraitzen dute eta hiru soilik sailkatu ahalko dira finalerdietara. Finalerdietako txartelak, beraz, 10:00etatik aurrera hurrengo partiduekin erabakiko dira: Rober-Egaña / Gandiaga Anaiak, Beraza-Telleria / Erkiaga-Gojenola eta Latxiondo-Madariaga / Goitia-Foster.