Sololuze eta Beltran omendu dituzte Zaldibarko hondamendiaren hirugarren urteurrenean
Gaur [otsailak 6] hiru urte bete dira Eitzagako zabortegia behera etorri zenetik.
Gaur [otsailak 6] hiru urte bete dira Zaldibarko Eitzagako zabortegia hondatu zenenetik. Hau da, hiru urte, Alberto Sololuze Markina-Xemeingo bizilaguna eta Joaquin Beltran Zallakoa hil zirenetik. Atzo [otsailak 5] omenaldia egin zieten Zaldibar Argitu plataformakoek, Eitzaga auzoan. Ehun lagun baino gehiago elkartu ziren eta beste behin eskatu zuten 2020ko otsailaren 6an gertatutakoa argitzeko. Sololuzeren gorpuzkia aurkitu bazen ere, Beltranena ez da zen agertu. Lore eskaintza egin zieten biei. Lucio Alonsok ere emanaldia eskaini zuen, ‘Gure bazterrak’ eta ‘Zaindu maite duzun hori’ kantatuz.
“Urtez urte bete dugu Eitzagako txoko hau borroka, aldarrikapen eta elkartasunez. Hiru urte igaro dira Zaldibarko Verter Recycling zabortegia amildu zenetik; azken urteetako hondamendi ekologiko, sozial eta politiko handienetarikoa eraginez”, gogoratu zuen Janire Lazkano Zaldibar Argituko kideak.
Ordutik, hiru norabidetan lanean jardun du plataformak; “langileak oroitzeko, gaia ahanzturan ez erortzeko eta erantzukizun guztiak argitzea exijitzeko”. Zaldibar Argituko kideak azpimarratu zuen zabortegian gertatutakoa eta bi langileen heriotzak ez zirela istripu bat izan. Kritiko azaldu zen agintariekin: “Gure arduradun politikoen kudeaketa eredu iluna agerian geratu da: kontrol eta gardentasun falta, erantzunik eta erantzukizunik eza, prepotentzia”.
Berretsi zuen auzotarrek ez dutela gertatutakoa ahaztuko: “Ikusten dugu zuek ere ez duzuela ahazten. Gu gutxi gara eta hemen gelditzen gara, zabortegiko kutsaduraren ondoriorik ez nabaritzeko esperantzan. Autopistatik joaten direnak ez daitezen ahaztu zelai berde horren azpian pozoi pila bat dagoela eta, batez ere, zuek ez zaitezte gurekin ahaztu. Beti ongi etorriak izango zarete”.
Zabalik. Durangoko epaitegietan bigarren prozesu judiziala irekita dago, ingurumen delituengatik. Geyser HPC enpresako bost teknikari eta Lakuako Ingurumen saileko hiru daude inputatuta. Apirilaren 20an deklaratuko dute azken hirurek eta Zaldibar Argituk elkarretaratzea deitu du egun horretarako, Durangoko epaitegiaren aurrean.