Mikel Urkia: "Hiru txirlo oso aberasgarria da, oso zabala delako"
Bola joko modalitatearen denboraldia amaitu berri da, eta presidenteak zenbait ondorio atera ditu, baita etorkizunerako erronkak zehaztu edota emakumeen presentzia aztertu ere.
Hiru txirlo denboraldia amaituta, zelako balorazioa egin duzue?
Balorazio oso positiboa egin dugu, ez bakarrik antolakuntza aldetik, baita parte hartzaile eta ikusleen aldetik ere. Iaz, gainera, bolatoki berriak sartu nahi izan genituen, eta oso aberasgarria izan da denontzat. Amaitu berri dugun II. Neguko Bolak txapelketan, adibidez, Mallabiko Goita bolatokia sartu genuen, baita Markina-Xemeingo Barinaga auzokoa ere. Ez dira eginberriak, baina aukera desberdinak zabaldu nahi izan ditugu. Helburua zen txapelketa apur bat zabaltzea eta horrela denboraldia borobiltzea.
Zein da gaur egungo hiru txirloren mapa?
Hain zuzen ere, bolatokien mapa bat osatzen ari naiz: egon zirenekin, erabilgarri daudenekin eta gaur egun txapelketetarako erabili daitezkeenekin. Izena, kokalekua eta argazkiak jarri nahi ditut, modu interaktibo baten ikusi ahal izateko. Deba eta Lea Ibaiaren inguruko herrietan dago tradizio gehien. Geografikoki oso kontzentratuta dagoen kirola da. Bederatzi talde daude Gipuzkoan eta bakarra Bizkaian, Markina-Xemeinen. Modalitateko Euskal Herriko presidentea naizenetik, kirola hedatu nahi izan dugu, bolatoki berriak sartuz. 100 bolatoki baino gehiago daude Euskal Herrian. Arrasate inguruan badirudi hiru txirlo berpizten ari dela, eta Arabara ere zabaldu nahi dugu. Iaz Aramaioraino joan ginen, Untzilla eta Etxaguen auzoetako bolatokietan aritu ginen. Azken horretan egin genuen Euskal Herriko txapelketako azken jaurtialdia. Bertakoak oso eskertuta agertu ziren, ia 100 pertsona elkartu ginen bertan. Etxaguen auzoan bola joko elkarte bat sortzeko asmotan ere badaude. Orain arte, txapelketa Gipuzkoan eta Bizkaian bakarrik jokatzen zen.
Eta egoera?
Lehendakaritza hartu nuenetik, esan daiteke hiru txirlo berpiztu egin dela. Egia da Markina-Xemeinen ere kirola indartu nahi zuten beste batzuekin elkartu nintzela, eta hori oso lagungarria izan da. Lander Odiaga Landro eta biok ari gara lan hori egiten. Odiaga, adibidez, bere aitaren bidez, betidanik egon da mundu honetan sartuta. Behin esan zidan falta zitzaiola nigaz topo egitea norabidea aldatu ahal izateko. Markina-Xemeingo erdigunean bolatoki bat egiteko desira azaldu zidan, nik ere partekatzen nuena. Nik Uhagonen egiteko ideia nuen, eta berak hori gutxi ez, eta toki zehatza zeukan argi, atzealdean eta hormaren kontra. Leku ezin hobea zen, herriko kulturaren erdigunea zelako, aparkaleku handiagaz eta taberna bategaz eta guzti. Auzolanaren bitartez eraiki genuen, lan ikaragarria egin, eta 2018an estreinatu genuen. Urtebete geroago, kluba sortu genuen: MX3T.
Zelan sartu zinen hiru txirloren munduan?
Nik bolatoki batean ikasi dut, Eibarko Asola Berrikoan, hain zuzen ere. Aita bertako kidea zen, eta bolaririk onenetariko bat. Beti esaten zuen ez zitzaiola inoiz ere ez burutik pasako noizbait kale bat egitea, hau da, jaurtialdi batean txirlorik ez botatzea. Hirutik, gutxienez, beti bat bota beharra zuen. Gero, bizitzako beste hainbat arlotan bezala, badago adin tarte bat alde batera uzten dituzula gauza batzuk. Beste lehentasun batzuk izaten dituzu tarte horretan. 2015ean ostera ere itzuli nintzen txapelketetan parte hartzera eta 2017an hartu nuen modalitateko presidente kargua. Angel Ibarluzea presidente ohiak hamabost urte eta gero lana laga zuen. Denbora zeraman oso nekatuta, eta horregatik diot ni sartu nintzenetik modalitatea berpiztu zela. Lagun asko ditut inguruan, eta horrek asko laguntzen du. Hala ere, jendeak kritikatzeko joera argia dauka, atzean dagoen lan guztia kontuan hartu barik. Gizakion defektu handienetako bat da nire ustez. Aurten, posta elektroniko berri bat sortu dut, parte hartzaileen kexak jaso eta erregistratu ahal izateko. Horrela kontrol gehiago izan dezaket, eta ahal izanez gero, konponbideak aurkitu.
Zein da zure lana presidente karguan?
Gauza asko egiten ditut, gehiegi batzuetan, gainontzeko kideen artean ere lanak banatzen ikasi beharko nuke. Lan egiteko beste modu bat aurkitu nahi dut, aurten lasaiago eraman ahal izateko. Babesleak aurkitu behar dira, harremanetan jarri eta negoziaketak egin. Babesle guztiei bereziki eskertuta gaude kirol minoritario honen alde egindako apustuagatik. Atzean lan ikaragarria dago, jendeak ikusten ez duen hori, txapelketa aurrera eraman ahal izateko. Urtero batzar orokorra egiten dugu, azken biak Uhagonen egin ditugu, eta bertan erabakitzen ditugu bolatokiak, ordenaren zozketa egiten dugu, baita egutegia zehaztu ere. Era berean, boloak eta txirloak ere aukeratzen ditugu. Txirloen kasuan ez da eztabaidarik egoten, oso antzerakoak direlako, baina bolen artean alde handiak daude. Azkenean eskuz egindakoak dira eta pisua albo batera edo bestera izan dezake, ondorioz bolatokian haien emaitza desberdina izango da.
Emakumeek parte hartzen dute?
Gero eta presentzia gehiago dute bolatokietan. II. Neguko Bolak txapelketako Barinaga auzoko azken jaurtialdian hamar emakumek parte hartu zuten, horietako sei ziren federatuak. Azken hamarkadan egoera asko aldatu da, gero eta gehiagok parte hartzen dute. Bolatoki batzuk moldatu egin behar izan ditugu. Indar kontua da azken batean, ez bakarrik neskentzako baita adinez nagusientzako ere, asko eta askotarikoak direlako parte hartzen dutenak. Hor daukagu Antonio Ibarluzea 89 urtegaz gorengo mailan lehiatzen, azken txapelketan markina-xemeindar bolari onenaren saria irabazi du. Oraindik badaude batzuk esaten dutena moldaketekin hiru txirloak bere xarma galtzen duela. Betiko eztabaida da, elitean jokatzea edo parte hartzaile asko egotea. Beti egongo den borroka bat da, are gehiago horrelako kirol moldagarri baten. Edozeinek egin dezakeen kirola da hiru txirloa, oso aberasgarria da, oso zabala delako.
Eta etorkizuna duen kirola da?
Bai. Jendeak gustuko duen kirola da, hori bai lehen parte hartzea da gehien kostatzen dena. Hori da gure erronka nagusietako bat etorkizunera begira. Oraindik horma ikusezin bat dago parte hartzaile eta herritarren artean, askok uste dute federatua egon behar dela parte hartu ahal izateko, baina ez da horrela. Nahi duenak jaurti dezake, egia da, beti hobe dela badaezpada federatua egotea, edonola min hartu ez gero arazorik ez izateko. Sariei dagokionez, egia da izena eman beharra dagoela saria etxera eraman ahal izateko, baina bestela edozeinek parte hartu dezake. Behintzat probatu, errepikatu ahal izateko. Mundu osorako kirola da, baita umeentzako ere. Eskola kirolean aurten bi umek bakarrik eman zuten izena, eta bertan behera utzi behar izan genuen. Iaz sei izan genituen. Hala ere, udaberrian ikastaroren bat edo beste antolatzeko ideia daukagu.