Super Ilusio Ponpaken kapa jarri dute Markina-Xemeinen
Gaur [otsailak 10] ilusioz bete du beste urte batez Esperantza aretoa Lea-Artibai Ikastetxeak antolatzen duen IX. Ilusio Ponpak jardunaldiak.

Gaur [otsailak 10] ilusioz bete du beste urte batez Markina-Xemein Lea Artibai Ikastetxeak antolatzen duen IX. Ilusio Ponpak jardunaldiak. Esperantza aretoa txiki geratu da beste behin ere; 40 enpresako 100 pertsona baino gehiago elkartu dira. Hain zuzen ere, antolatzaileek enpresen eta hezkuntza zentroen arteko lankidetza lanaren garrantzia nabarmendu dute: “Eskutik joan behar gara. Oso garrantzitsua da pertsonak ilusioa eta motibazioa edukitzea, ez bakarrik bizitzan, baita lanean ere”. Super ilusioaren kapa jantzi dute hizlariek bertaratutakoei lagundu asmoz.
Alaitasunaren irudia izan da Aitziber Garmendia lehen hizlaria. Hasi bezain laster argi utzi du “seriotasunetik eta zurruntasunetik” aldendu nahi zuela. “Aspaldi ikasi dut nire lanarengatik egunero aurpegi ona jartzen. Gaur egun presio gehiegi jartzen dugu gure buruaren gainean, horrela ilusio guztia galtzen dugu”. Une pertsonalak eta profesionalak banatzeko zailtasunak aipatu ditu Garmendiak. Beste gakoetako bat sare sozialak direla azaldu du: “Oso zabalik dago gure bizitza, edozein lekutan ikusi daiteke, horrenbestez dena perfektu nahi denaren sentsazioa zabaldu nahi dugu, sare sozialetatik hedatu ahal izateko, gainontzeko pertsonei erakutsi ahal izateko”.
Barre egitean eta batez ere barrea eragitea oso mesedegarria dela esan du. “Nik pertsonalki nire lanagatik egiten dut, baina denentzako zabaldu daiteke, pertsonengana heltzeko modurik errazena da, droga bat bezalakoa da”. Konponbide bezala, gauza berrietan sartzeko aukera azaldu du hizlariak, “akatsak egiteko leku bat, ez jakintasunean murgiltzea, zerbaitetan txarra izatea”. Garmendia, adibidez, ukelele ikastaroan eman du izena. Berdina egitera bultzatu ditu bertaratutakoak. “Emaitza bat lortzera bideratuta gaude askotan, baina horrelako gauzek ez dizute ilusio berdina eragiten”. Amaitzeko, txikitako ilusioak jarraitzeko desira zabaldu du.
“Azkenik, zure bertsiorik onena izaten saiatu, pertsona ona izan zaitez”
Victor Kuppersek hartu du lekukoa, baina kasu honetan bideodei bidez. Bigarren aldia da Ilusio Ponpak jardunaldietan parte hartzen duena, 2018an Markina-Xemeinen egon zen ere. Psikologia positiboaren inguruan aritu da hizlaria. “Animoa galtzen duenak dena galtzen du, animoak mugitzen gaitu, pertsona moduan gure baliorik handiena da”. Askotan jarrera kontua dela nabarmendu du, “ez dago errezeta magikorik. Bakoitzak erabaki dezake bere jarrerarik onena, baina nahi izan behar da. Aukeratu daiteke, ez bizitzako beste kontu batzuk bezala”. Egunero landu behar deka gogoratu du, bestela “gainontzekoen gain” uzten baitugu.
Horrez gain, bizitzari irribarre batekin aurre egiteko zenbait gako eman ditu. “Gustatzen ez zaiguna onartu behar dugu, ez kexatu denagatik, erlatibizatzen ikasi beharra dago, alde positiboak ikusi behar dira, ilusioak bilatu behar ditugu, zaindu maite dituzunak, kopuruan eta denboran, eta azkenik zure bertsiorik onena izaten saiatu, pertsona ona izan zaitez”.
“Pandemiagaz ikasi dugu egun batetik bestera aldatzen dela bizitza”
Hirugarren eta azken hizlaria Enhamed Enhamed izan da, Paralinpiar Jokoetan bederatzi domina ditu igerilari ohiak, eta psikologoa da gaur egun. Hasiera batetik argi utzi du bat egiten duela Aitziber Garmendiagaz “ondo pasatzea eta barre egitea funtzeskoa da”. Zortzi urtegaz retina jausi zitzaion eta itsu geratu zen, 13 urtegaz hasi zen igerian. Igerilekua izan da bere bizitzan libre izan den lekua nagusia, “ez dut inolako oztoporik”. Kirolarien bizitza “etengabeko porrota” dela gogoratu du.
Enhamendek inork gutxik baino hobeto daki bizitza zenbat aldatu daitekeen egun batetik bestera, gizartea orain konturatu dela dio: “Pandemiagaz ikasi dugu egun batetik bestera aldatzen dela bizitza, oso aldakorra dela”. Ametsak jarraitzeko aldeko aldarrikapena egin du, “lan onak lan gehiago ekartzen du”. Enhamedek lorpenak lortu ahala entrenamendu gehiago izan zituen. “Kirolarioen kasuen, esate baterako, azken emaitzagaz bakarrik geratzen gara, horra heltzeko bide gogorra kontuan hartu gabe”, azaldu du. Bi gako nagusi eman ditu. Batetik, helburu argiak zehaztea, “gaur egun gutxienekoak oso behean jartzen ditugu, gizartearen presioaren mailara jaisten gara”. Beste alde batetik, irudikatzean ere jarri du arreta: “ez dut motibazioan sinisten, niretzako konpromisoa da garrantzitsuena”.
IX. Ilusio Ponpak amaitzeko, antolatzaileek lankide bateri Super Ilusio Ponpaken kapa jantzi diote. 2008tik aurrera egindako lanagatik, berak asmatu baitzuen, adibidez, jardunaldien izena.












































