Nerea Ibarzabal markina-xemeindarrak 'Jakelinen egunerokoa' liburua aurkeztu du
Ibarzabalek 2022ko irailean argitaratu zuen “Bar Gloria” bere lehen eleberria.

Markina-Xemeindarrak Higinia Garay ilustratzaileagaz Jakelinen egunerokoa album ilustratua aurkeztu du. Kimu ipuin-bildumaren baitan kaleratu du Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeak liburua. Hain zuzen ere, hau da bertsolari eta idazlearen haurrentzako lehen liburua.
Horrela laburbildu du Ibarzabalek liburua: “Jakelin guraso eta anaia txikiarekin bizi da. Oso neskatila irudimentsua da. Egun batean, afalorduan, ustekabeko aurkikuntza egingo du: bere familia ez da bere benetako familia, beste mundu batetik dator, beste planeta batetik. Hortik aurrera, sekulakoak egingo ditu bere jatorrizko etxera itzultzeko”.
Liburu bat baino gehiago. Kimu ipuin-bilduma 5-6 urtetik aurrerako umeei zuzenduta dago. Hitzen eta irudien bidez, irakurle gaztetxoenak entretenitu, irakurketan trebatu, hizkuntzan aberastu eta arteaz gozatzen irakastea du helburu. Hain zuzen ere, Kimu du izena Lehen Hezkuntzako 1-2-3. mailetarako Ikaselkarrek sortu duen hezkuntza-proiektuak. Ikasmaterialen artean, besteak beste, obra literarioak aurki daitezke, bai eskolan, bai etxean irakurtzeko.
Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak 2020ko azaroan abiatu zuen Kimu bilduma, eta ordutik hamaika liburu argitaratu ditu. Besteak beste, Yolanda Arrieta etxebarritarrak, Leire Bilbao ondarrutarrak parte edota Jokin Mitxelenak parte hartu dute.