Jose Martin Arrieta Ikaran markina-xemeindarraren gorpuzkinak senideekin dira
36ko Gerran hildako beste bost gudarien gorpuzkinak entregatu ditu Eusko Jaurlaritzak.

Joan den zapatuan [otsailak 11] Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren egoitzan egin zuten ekitaldia. Bertan sei gudari eta milizianoren gorpuzkinak eman zizkieten senideei, identifikazio eta egiaztapen genetiko prozesua gauzatu ondoren: Jose Martin Arrieta Ikaran (Markina-Xemein), Patxi Jaka Bikandi (Amorebieta-Etxano), Martín Fabo Colera (Martzila, Nafarroa), Ramón Crespo Ortiz (Lanestosa), Fernando Lahera Urrutia (Sopuerta) eta Inazio Lopetegi Oliden (Zumaia).
Ekitaldian izan zen Estanislao Arrieta, Jose Martin Arrieta Ikaranen iloba. 1937ko maiatz eta ekaineko lehen asteak bitartean hil ziren, Bilbo erori aurreko borrokaldietan, hiriaren inguruan zabaldutako defentsa lerro batean, matxinatutako tropak sartu aurretik biztanleria zibila ebakuatzeko eta denbora irabazteko balio izan zuena. Ahaztuen Oroimena elkarteak identifikazio prozesuan lagundu du, duela hilabete batzuk, lagina hartu eta identifikatu ahal izateko ekimena abiatu zuten senideekin batera. Horrenbestez, “ilusio handiz” jaso dute emaitza.
Jose Martin Arrieta Ikaran, Xemeingo Iñuspen baserrian jaio zen 1915eko azaroaren 10ean, eta Sollubeko defentsan zauritu ondoren 1937ko maiatzaren 9an Basurtoko ospitalean hil zen. 1936ko abenduaren erdian Xemeingo Udalak 36. urteko kintoak mobilizatu zituenerako, Arrieta Ikaran euskal milizietan integratuta zegoen. Ahaztuen Oroimena elkartetik azaldu dutenez, 1936ko azaroaren 15tik aurrera agertzen da Arrieta Ikaran ANV-1 (Olabarri) batailoiko dokumentuetan; hain zuzen, ANV-1 batailoiko 1.Konpainiako gudaria, 87199 identifikazio zenbakiduna.
“Gerra fronteetan borrokan jardun zuen, 1937ko maiatzean Bizkaiaren bihotzeko borrokaldietan zauritu eta hil arte. Pantaleon Egurrola Atxa, ANV-1 komandante ondarrutarrak zuzendutako Sollube mendiaren defentsan aritu zen. Kronika desberdinen arabera, ANV-1 batailoia izan zen Sollube mendiaren defentsatik atzera egitean erretiratzen zen azken taldea”.
Era berean, elkartetik markina-xemeindarra omentzeko aukera baliatu nahi izan dute: “Faxisten aurka borrokatzeko izan zuen determinazioa aintzat hartuz, merezitako agurra babestuz. Haren senideekin bat egin, eta Josek zein 1936ko altxamendu faxistaren ondorioz ahanzturan izan diren herritar zein pertsona guztiei zor zaien egia eta erreparazioa aldarrikatuko dugu, haiena den justiziarako eskubidea aldarrikatuz. Haien duintasunak bere horretan dirau, haien egia gure historia delako”.