Iker Casanova: "Lea-Artibaik instituzioen laguntza gehiago behar du"
Lan saioekin herrialdearen aniztasunaren «argazki zehatzago bat» lortu dutela aipatu du. Horrez gain, EH Bilduk «inoizko emaitzarik onenak» lortuko dituela dio.
Elkar ikusi genuen azken aldian Bizkaian zehar lan saioak egiten ari zinela esan zenuen. Zelan doaz lan saio horiek?
Oso pozik gaude, oso esperientzia interesgarria izaten ari da. Argi daukat Bizkaia zabala eta anitza dela, eta aniztasun hori gertutik ezagutu behar da. Horregatik ekin genien lan saioei. Batetik, udaletan dauden arazo nagusiak identifikatzeko eta EH Bilduk kudeatzen dituen instituzioetako proposamenak eta herri proiektuak aztertzeko. Bestetik, herrialdeko eragile desberdinekin berba egin dugu, ekologistak, feministak, gazteak,… eta horrela argazki zehatzago bat osatu dugu, konponbidearen bidean zein proiektu martxan jarri jakin ahal izateko. Aldunditik egin diren politikak oso zentratuta egon dira Bilboko zonalde zehatz batzuetan, Gran Vian eta Abandoibarran, enpresa handiak dauden tokietan, oso zentratuta egon dira interes politiko, ekonomiko eta geografiko batzuetan.
Ikaspenak aipatu dituzu eta Bizkaia anitza dela, zer nabarmenduko zenuke orain arte egindako lanaz?
Alboratuta geratu dira herrialde honetako behar garrantzitsu batzuk. Ulertu behar da Bizkaia polizentrikoa dela eta eskualde bakoitzari eman behar zaizkiola bere proiektua garatzeko aukerak eta baliabideak. Arazo batzuk errepikatzen dira, adibidez, garraioarena bistakoa da, Bilbotik urrundu ahala konturatzen zara komunikazioak gero eta zailagoak direla, auto pribatuarekiko menpekotasuna oso handia da. Garraio publikoa indartzea eta intermodalitatea bultzatzea falta da. Bestalde, herri askotan mota askotako proiektu interesgarriak daude aurrera eramateko, baina proiektu horiek egiteko ez daukate diru iturririk. Aldunditik eskualde bakoitzari onartu eta lagundu egin behar zaio bere garapen eredu propioa bultzatzeko. Eskualde bakoitzak bere beharrak dauzka, eta orain arte ez dute jaso jaso beharreko babes politikorik.
“Industria izan behar da eredu ekonomiko sendo baten bizkarrezurra”
Zelan ikusten duzu Lea-Artibai eskualdea?
Zapore gazi-gozoa daukagu. Zailtasunak ikusten ditugu, baina baita horri aurre egiteko ideiak eta grina duen komunitate bat. Bilbotik urrundu ahala beharrak biderkatzen dira, komunikazioagatik eta orografiagatik. Arazoak handiak direnean erantzunak eta konponbideak proportzionalak izan behar dira, eta ez dugu horrelako tamainako erantzunik ikusi instituzioengandik. Eskualde honek historikoki jakin izan du erantzunak asmatzen. Aitzindaria izan da tokiko garapenaren diskurtsoan eta praktikan. Erresilientzia dago. Nortasun propio bat garatu du, euskaltasunaren arnasgunea da, euskara eta euskal kulturaren perspektibatik. Baina, herritarrak ez dira inoiz konformatu irudi folkloriko bategaz. Tokiko agentziak eta eragileak beti izan dira gai eredu berritu bat eskaintzeko. Baina ezin da zama guztia eskualdearen gainean utzi, eta hemendik definitu behar bada eredua eta horretarako eragileak baldin badaude, instituzioek lagundu eta babestu egin behar dituzte proiektu horiek.
Aipatutakoaren inguruan, zein da zure proposamena?
Falta dena da kanpoko laguntza instituzionala indartzea, biderkatzea. Eredu soziekonomikoa indartu nahi dugu, hemendik definituta eta kanpotik lagunduta. Industria indartu behar da, eskualde txikia izanik hainbat proiektu traktoregaz nahikoa izango litzateke. Basogintzan asko desbideratzen ari da gaur egun dagoen politika jasangarri batetik. Nabarmena da mendian dagoen desoreka, espezie kanpotarrak eta gehiegizko ustiapenek ingurumen eta paisaia afekzioak sortzen ditu. Funtsezkoa da ondo uztartzen duen basogintza eredu bat, errentagarritasun ekonomikorako eta ekosistema moduan ulertuta bizirauteko. Lehen sektorearen aldeko apustua egiten dugu. Eskualdeak itsasoagaz eduki duen harreman historikoa mantentzea eta berritzea. Sektore hau erakargarri egin behar dugu, baldintzak hobetzen, bai formazio aldetik baita baldintza materialak edota ekonomikoak bermatuz.
“Lea-Artibain, EH Bildu herri guztietan irabaztera aterako da”
Orain Legebiltzarkidea zara, eta ekonomia gaiak lantzen dituzu. Eskualde honen testuinguru ekonomikoa hobetzeko, non uste duzu jarri behar dela arreta?
Sektore ekonomikoen arteko oreka bat aurkitu behar da, bertoko baldintzak eta indarguneak kontuan hartuta. Lea-Artibain industria funtsezkoa da, Bizkaian eta Euskal Herrian den modura. Industriak balio erantsia sortzen du, ikerkuntza eta garapena sortzen ditu. Lea-Artibain industriaren aldeko bokazioa dago, eta ondo definitzen badira espezializazio esparruak eta horretarako badaude hausnarketa propioak eskualdean, ondorioztatutako guneak indartu behar dira elementu traktoreak egoteko. Industria beti da eredu ekonomiko sendo baten bizkarrezurra. Beste alde batetik, herritarrei bizitzeko behar duten hezkuntza, zaintza eta osasun egokia eman behar zaie. Eguneroko bizitza errazten duten zerbitzuak bermatu behar dira, herritarrak kanpora joan behar ez izateko.
Garrantzi handia ematen diozue trantsizio ekologikoari, eta estrategia bat aurkeztu duzue.
Funtsezkoa da, ez bakarrik Lea-Artibain edo Bizkaian, munduan lehen mailako erronka da. Eredu sozioekonomikoak planeta egoera kritiko batera eraman du. Behartuta gaude gure produzitzeko eta bizitzeko modua moldatzera. Traumatikoa ez izateko, prozesu gradual bat izan behar da, baina etengabea. Garraioan, adibidez, jasangarritasunaren aldeko ahalegin bat egin behar dugu, garraio publiko, elektrifikatu eta partekatua bultzatuz. Kontsumo foku nagusiak identifikatu behar dira, eta erantzuteko autoekoizpenerako esperientziak aktibatu. Herritarrok kontsumoa murriztu beharko genuke eta autoekoizpenari bidea eman. Komunitate energetikoak funtsezkoak dira, herri desberdinetan daude, eta erantzuteko elementu oso garrantzitsuak dira. Energiaren eskubidea bermatu behar da.
Inkestak hor daude, zer espero duzue maiatzean?
Argi daukagu Lea-Artibain baldintzak badaudela herri guztietan irabaztera ateratzeko, gure beharra eta erantzukizuna da. Ez da helmuga bat, tresna bat baizik transformazio prozesu batzuk martxan jartzeko eta jendearen bizitza hobea egiteko. Garrantzitsua da instituzio publikoetatik jendeari segurtasuna eta lasaitasuna ematea. Orain arteko inkestek diote EH Bilduk inoizko emaitzarik onenak lortu ditzakeela, baikorrak gara, baina gure sentsazioa da are eta urrunago helduko garela. Gure esfortzu guztia egingo dugu, apaltasunez eta lan gogorragaz, aukera historiko hau gauzatzeko. EH Bildu inoiz egon ez den tokira eraman nahi dugu, eta prest gaude inoiz egin ez dugun ahaleginik handiena egiteko.