Lekeitioko Beheko Kaleari izen originala jartzeko eskaera egin dute udaletxean
1510. urtean daude Beaskokaleari buruzko lehen erreferentziak, modu desberdinetan, 1980ra arte.
Lekeition oso ezaguna da Beheko Kalea, edo Beaskokalea bertakoek ezagutzen duten moduan. Hain zuzen ere, bertan jaio edo bizi izandako 95 herritarrek udaletxean eskatu dute 500 urte dituen izena berreskuratzea. “Beaskokalea ondo dokumentatu dagoen izena da: plano, dokumentu administratibo, artikulu eta bestelako argitalpen askotan dator. Apur bat arakatzea baino ez dago, tradizio sendoa daukan izena dala egiaztatzeko”, esan dute. Udaleko bi ordezkariek, EAJ eta EH Bildu, ekimena begi onez ikusi dute, eta eskariarekin konforme agertu direla azaldu dute.
Izen ofiziala zein zen argitzeko, Lekeitioko Udal Artxiboko Maite Garamendirengana jo zuten. 1980 urtean, Xabier Txakartegi Zendoiaren alkatetzan, irailaren 26ko plenoan, Udal Kulturarako Batzordeak proposatutako kale-izen aldaketa onartu zan, biak ala biak onartu ziren. Francisco Francoren diktadura sasoiko kale-izendegiaren berrikuspena egiteko erabilitako irizpideak ziren. Zinegotzi guztiek aho batez onartu zuten. “Hala ere, izen biak ontzat eman arren, badirudi neurria exekutatzerako orduan (kale-izen plakak egiterakoan) norbaitek izen modernoa lehenestea erabaki zuen”.
Argi dute erabakia “asmo onez” hartuko zutela, baina era berean, ez zela “egokia” izan. Argudio bezala Sabino eta Iñaki Madariaga lekeitiarren lekukotasuna erabili dute: “1979an gehienok ginen analfabetoak euskaran, eta norbait alfabetuta bazegoen batuan zegoen alfabetatuta. Herrian gehienok esaten genuen Bixkokalia eta Bekokalia, Beasko hori gaztelania iruditzen zitzaigun”.
1510. urtean daude Beaskokaleari buruzko lehen erreferentziak, modu desberdinetan, 1980ra arte. Hau da, izenak 500 urte baino gehiago ditu. “Gaur egun, 40 urtez kale-errotulaziotik desagertuta egon eta gero, oraindik edade batetik gorakoentzako erreferentziazko izena da; baina atzetik datozen gazteentzako, errotulatuta ez dagona existitzen ez dan legez, atzeraka doia argi eta garbi”. Azaldu dutenez, “orain” konpondu beharreko arazoa da, bestela “belaunaldi pare baten izen hau lekeitiarren ahoetatik desagertuko da”.
“Azken 43 urtean jatorrizko formak (Beaskokalea) atzera egin du etengabe. Hain da ezen, gaur egunean, forma zaharra herritar nagusienen ahotan baino ez dagoen, eta mapa askotan ere agertzen ez denez, zerbitzuetan ere erabiltzeari utzi zaion”. Gogoratu dute galera kulturalaz gain, egoera honek arazo praktikoak ere ekartzen dituela, batez ere Interneten hedapenaz geroztik, Beheko Kalea da erreferentziazko izena.
“Oraindik sasoiz gaude, eta zorionez konponbidea erraza da: errotulazioa aldatzea, 1980an onartutako izen bikotzetik bigarrena lehenetsiz. Horregaz, Bixkokalian jaio eta bizi diren pertsona gehienen nahia beteko dugu, eta mapak eguneratuko dira. Laster dator Lekeitioko hiribilduan 700 urteurreneko ospakizuna; zuzenketa hau egiteko benetan une aproposa izango litzake hori!”.