Lekeitioko Isuntza Arraun Elkarteak bere egoitzako irudia aldatu du
Instalazioetan hobekuntzak egiten jarraitzen dute, eta obren bitartez, arazoei konponbideak jarri.

“Klub barruan ikusten genuen instalazioetan zenbait hobekuntza aurrera eraman ahal zirela”, adierazi dute Isuntza Arraun Elkarteko kideek. Alde horretatik, Lekeitioko Udalagaz batera egoitzak dituen arazo estrukturalei konponbideak jartzen ari dira pixkanaka, itoginak, esate baterako. Horrez gain, bestelako irudia eman nahi izan diote arraun elkarteko kideen elkarguneari. “Duela bost edo sei urte irten zen ideia da, argazkiak edota pinturak jarri nahi genituen”.
Azkenean biak ala biak elkartu dituzte. Azaldu dutenez, orain arte duela urte askotako, klubaren hasierako urteetako, koadro bat besterik ez zuten, eta egoitzaren irudia osatu nahi egin dute. ‘Kopi’gaz jarri ziren harremanetan eta aukeratutako argazkietatik marrazkiak egin dituzte: alde batetik, estropadetako une desberdinetako argazkiak edo beste alde batetik, Lekeitioko herriaren parajeren batena. Martin Bilbao, Juan Daniel Ruiz ‘Mimi’ eta Kepa Altube ‘Kopi’ aritu dira azken hilabeteetan margotzen, haiei “oso eskertuta” azaldu dira Isuntzako kideak.
Egoitzako beste gune batzuetan egindako lanak baliatu dituzte amaitzen joan ahala margotze lanak egin ahal izateko. “Momentua heldu zela uste genuen, goialdeko obrak amaitu ziren eta aukera baliatu nahi izan genuen”. Arraunlariek, eta oro har, Isuntza osatzen duten denek begi oso onez hartu dituzte marrazkiak, “oso pozik eta gustura geratu gara lortutako emaitzagaz”.

Horma-irudiak.
Momentuz ez dute aurreikusi margolan gehiago egiterik, egoitzako lan guztiak amaitu eta gero agian egin dituzte gehiago. “Obrak amaitzen direnean erabakiko genuke gehiago egin ala ez, argi duguna da ez dugula egoitza gehiegi kargatu nahi. Alde horretatik, zerbait gehiago egiteko gune aproposena hirugarren gimnasioa izango litzateke”.
Zabalik daude. Azaldu dutenez, udara begira ate irekien jardunaldiren bat antolatzeko ideia dute arraun elkarteko kideek margolanak eta instalazioak hobeto erakutsi ahal izateko. Bide batez, Isuntzak herrian duen indarra eta erantzukizuna helarazi nahi izan dute: “Isuntza ez da bakarrik kirola, ez da bakarrik arrauna, askoz gehiago da Lekeition eta bide batez herriko kulturaren parte bat nahi genuen gurean gu horrela sentitzen garelako”.