Jon Mandiola: "Estatu Batuetako ateak zabalik ditugu, eta ahal bada, itzuliko naiz"
Markina-xemeindarrak Dania Beach Invitational txapelketa irabazi du. Urteetan frontoiaren eta haren bizimoduaren inguruan entzundakoak lehen pertsonan bizi ahal izan ditu.
Filmetako Ameriketako ametsa bete ahal izan duzu. Zelan?
2021ean Daniako frontoia itxi ostean esan zuten ez zela gehiago zabalduko, baina gero, zurrumurrua zabaldu zen: denboraldi txiki baterako zabaldu nahi zutela ostera ere. Zabalduko zutela esan zutenean, joateko zein zegoen prest galdetu zuten, eta baiezkoa eman nuen. Egia esan, ez nuen oso argi ikusten. Denbora neraman jokatu barik, gerriko lesio batengatik hamar hilabete egon nintzen jokatu barik, ia lagata nuen zesta-punta. Ez joateko aukera ere pasa zitzaidan burutik, ez nuelako nahi joan eta ezin jokatu ahal izatea. Azkenean, probatu nahi izan nuen, eta gero eta hobeto ikusi nintzen. Ezin nuen aukera pasatzen utzi, arantza kendu nahi nuen. Aurretik ere aukera izan nuen joateko, kontratua ere sinatuta nuen, baina hiru aldiz ezeztatu zidaten bisa.
Horrenbestez, gogo bereziak zenituen.
Bai, betidanik nahi izan dut bertan jokatu. Etxean eta inguruan beti entzun izan ditut Ameriketako istorioak eta bizipenak. Duela sei urte kolpe handia hartu nuen. Lana eta ikasketak alde batera utzita nituen, bertara joan ahal izateko. Denbora asko egon nintzen zain eta, azkenean, desilusio handia hartu nuen. Orain, esperientzia ederra bizi izan dut, ondo baliatu dut. Behintzat esan dezaket bertan egon eta jokatu dudala, entzundakoak bizi ahal izan ditut. Kontatutakoa bezalakoa da hango bizitza, hala ere, hemen gertatu bezala, han ere bizimodua urteekin aldatu egin da. Bi hilabetean ez duzu gauza asko egiteko denborarik, baina ahal bezainbeste baliatu dugu.
“Egunero zaude frontoian jokatzen, hau da, asko hobetzen duzu, nik hori asko nabaritu dut”
Zelan ikusi duzu zure burua?
Hasieran beldurragaz aritu nintzen, berriro minak izateko, berriro txarto egoteko. Bidaiatu aurretik minak izan nituen, eta aurreko egunean infiltratzeko erabakia hartu nuen. Argi nuen ez nuela bi hilabete txarto egon nahi. Zorionez, ondo egon naiz, eta dena ondo atera da. Kinieletan galduta egon nintzen lehen egunetan, sistema guztiz desberdina delako. Hemen partiduak jokatzera ohituta gaude, tanto bat galtzekotan beste bat daukazu buelta eman ahal izateko, aukera asko dituzu. Kinieletan ez. Gerta daiteke pilotarik ukitu gabe kanpora joatea. Gainera, hemen berotan zaude denbora guztian, ia atsedenik hartzeko denborarik barik. Estatu Batuetan itxaroten zaude, hotz zaude, eta zaila kantxan sartzea. Frontoia ere desberdina da. Lehenengo bi asteetan galduta egon nintzen, baldintzetara ohitu behar izan nintzen, baina gero gustura amaitu nuen. Frontoia Markina-Xemeingoaren antzerakoa da, baina biziagoa. Horrez gain, pilotak ere biziagoak dira, tenperaturak altuagoak direnez, pilotak arinago berotzen dira. Puntista batzuek elkar ezagutzen bagenuen ere, asko jokatu dugu orain elkarren aurka. Azkenean, egunero zaude frontoian jokatzen, hau da, asko hobetzen duzu, nik hori asko nabaritu dut, azken batean gero eta gehiago jokatu, gehiago ikasten duzu. Nik neuk asko hobetu dut bi hilabetean.
Dania Beach Invitational txapelketa irabazi zenuen Thomas Urrutiagaz batera.
Zalantza askogaz joan nintzen, denbora asko neraman jokatu barik. Nire helburu nagusia jokatzea zen, ahalik eta gehien eta minik gabe. Hortik aurrerakoa oparia izan da niretzat, txapela, adibidez. Urrutia eta biok ezin hobeto elkar ulertu dugu, frontoian eta frontoitik kanpo ere bai. Kinielak jokatu ostean, zazpigarren geratu ginen, bera aurrelarietan eta ni atzelarietan. Mugan sartu ginen, eta inork ez zuen espero, hasteko lehen partida irabazi ahal izatea, eta gero txapelketa. Egia da lehen kanporaketa 15-14 irabazi genuela, zorteagaz, batzuetan beharrezkoa izaten baita. Partidei aurre egiteko modua ere desberdina izan da. Hemen setetara jokatzen da, 15era baita ere, baina lehenengoan ondo ez bazaude badakizu bigarrena daukazula buelta eman ahal izateko. Danian ez, hasieratik gogor ekin behar diozu, akats egiteko tartea txikiagoa da.
Danian egondako puntista askok frontoitik kanpoko bizimodua nabarmendu dute.
Bai, giroa ikusgarria izan da puntisten artean. Hasieran Iparraldekoekin edo frantziarrekin ez genuen harreman askorik izan, baina denbora oso gutxian denok elkartu ginen, eta dena egiten genuen batera. Aldagelan asko nabaritu da giro on hori. Azken batean, denetarik egon da, Danian bizitza guztian jokatu dutenetik, behin baino gehiagotan jokatu dutenetara edo lehendabiziko aldia zena. Zaharrenak 42 urte zituen eta gazteenak 18, alde handia da, baina giro bikaina eduki dugu. Nik lehiakortasunaren beldur nintzen, dirua dagoelako tartean, baina ez dago horrelakorik. Goizak libre izaten genituen, eta bakoitzak nahi zuena egiten zuen. 18:00etarako frontoian egon behar genuen, 23:00etara arte, partiduekin beranduago. Asteburuetan denok batera afaltzera joaten ginen askotan. Zapatuetan goiz eta arratsaldeko sesioa genuen frontoian eta domekan goizetan. Esperientzia bikaina izan da, barruan zein kanpoan. Ez nuke ezer aldatuko.
Etxera itzuli eta Gernikako Jai Alai Winters Serieseko finalerdietako atariko partidan jokatzeko aukera eduki zenuen.
Urduri jartzeko beldurra nuen, hainbeste jenderen aurrean eta hain frontoi desberdin batean, baina gozatu egin nuen. Gernikako frontoia oso exigentea da, oso luzea, bertan atzera heltzea oso gaitza da, batez ere Danikoagaz alderatuta. Argi dut Estatu Batuetako txapelketak irabazi izanak ate gehiago zabaltzen dituela. Berez, oso sinplea da, txapeldunen izen-abizenagaz geratzen gara gure buruan, eta gero horiek dituzte partidak jokatzeko aukera gehiago. Martxoan, adibidez, Mutrikuko txapelketan parte hartuko dut gonbidatu bezala, eta badakit Danian irabazteagatik lortu dudala hori.
Zeintzuk dira eman nahi dituzun hurrengo pausoak?
Esan digute datorren urtean Daniako frontoia ostera ere zabalduko dela, abenduan eta urtarrilean seguru, eta otsailera arte luzatu nahi dute. Antolatzaileek zenbakiak egin behar dituzte, eta gero bisen hiru hilabeteen muga daukagu. Ez da erraza izango. Estatu Batuetako ateak zabalik ditugu, eta ahal bada, itzuliko naiz. Bitartean, hemen aukerak bilatu eta baliatuko ditugu.
Zer falta da hemen?
Gazteok profesionalekin jokatu behar dugu, denok komentatzen dugun zerbait da. Aritz Erkiagak ere azaldu zuen. Ez baduzu haiekin jokatzen ez duzu inoiz ikasiko eta ezingo duzu profesionaltasunerako jauzia eman. Kirol denetan gertatzen da, mailaz igotzen joaten dira kirolariak, behetik gorako bide bat da. Bigarren mailako txapelketak sustatu behar dira, Berriatuko Pro-Am bezalakoak. Pixkanaka sartzen joan behar gara, kolpera sartzea ez delako erraza dagoen presioagatik. Orain daudenak betirako ez dira egongo, joaten direnean behekoak ez bagaude prest… Zerbait pentsatu beharra dago behekoek goian jokatu ahal izateko. Bestela hutsunea egongo da, eta hori bete beharra dago zer edo zelan.