Lekeitiok bigarren urtez jarraian hartuko du Loraldiaren Udako Sormen Ola
Loraldia kultur elkarteak eta Lekeitioko Udalak elkarlanareko hitzarmena sinatu dute.
Uztailaren 10etik 15era 18 eta 25 urte bitarteko hamabost gaztek Udako Sormen Ola egitasmoan parte hartuko dute Lekeition. Bigarren urtez jarraian hartuko du herriak etorkizuneko kultura egileen elkargunea, parte hartzaileek artearen alor desberdinak landuko dituzte ekintza desberdinak eginez. Horrez gain, sormen egonaldian kultur profesionalek tailer espezializatuak eskainiko dituzte. “Helburua da euskal kultura sustatu eta gazteen sormena piztea”, adierazi dute udal ordezkariek.
Hain zuzen ere, konpromiso hori berresteko Lekeitioko Udalak eta euskal kulturaren transmisioa eta sorkuntza garaikidea bultzatzen duen Loraldia kultur elkarteak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute. Gainera, aste horretako arratsaldetan “Euskal Sormenaren Astea” egingo da, sortzaileen esperientziak ezagutzeko zuzeneko emanaldien programazioa, publikoari irekita. “Zalantzarik gabe, Loraldiak eskaintzen dituen ekimenekin Lekeition ematen den kalitatezko kultur eskaintza handitzea lortuko da, gazteen formakuntza sustatzen den heinean”.
Antolatzaileek azaldu dutenez, izen ematearen datak eta baldintzak hurrengo asteetan emango dituzte jakitera.