Lekeitioko Institutuak jardunaldi feminista antolatu du
Martxoaren 8ko emakumeen nazioarteko egunari begira hiru hizlari gonbidatu dituzte.
Barikuan [martxoak 3] 18:30eatik aurrera Lekeitioko kultur etxeko Azkue aretoan. Hiru izango dira jardunaldi feministetan parte hartuko duten hizlariak. Alde batetik, Asun Casasola Pardo, Nagore Laffageren ama eta genero indarkeriaren kontrako aktibista.
Laffage 2008ko uztailaren 7an hil zuen Diego Yllanesek, jai giroan gizonaren etxera joan eta harekin sexu harremanak izateari uko egin ziolako. Hilketak atsekabe handia sortu zuen gizartean, eta Yllanesen aurkako epaiketak ere zeresan handia eman zuen ostera. Izan ere, herri epaimahai batek ebatzi zuen gizonak premeditaziorik gabe jokatu zuela eta, homizidioa leporatuta, hamabi urte eta erdiko zigorra ezarri zion. Laffageren familiak, ordea, delitua erailketa gisa har zezatela eskatu zuen, baina Espainiako Auzitegi Gorenak ez zuen bere helegitea aintzat hartu. Hala, Yllanes baldintzapean aske geratu zen 2018an. Hain zuzen ere, Asun Casasola Pardo amak “Nagore” dokumentala aurkeztuko diete bertaratzen direnei. Era berean, gero, genero indarkeriaren aurkako aktibista nafarrak parte hartzaileen galderak erantzuteko prest agertuko da.
Ostean, Bea Ilardia Olangua genero indarkerian aditua den abokatu feministaren txanda izango da. Ilardiak hainbat gai jorratuko ditu jardunaldi feministan. Sexu-erasoan inguruan ariko da eta sumisio kimikoen gainean jarriko dute arreta. Horrez gain, ofizioz abokatua izanik, azken hilabeteetan hainbeste zeresan ematen ari den Espainiako Gobernuaren “bai bakarrik da bai” lege berriaren inguruko azalpenak emango ditu baita zalantzak erantzun ere.
Azkenik, inguruko ikuspuntu hurbilago eta zehatzago bat emateko helburuagaz, Arantza Bengoetxea Martinez, Lea-Artibai Amankomunazgoko aholkulari juridikoak eskualdeko datuen berri emango du martxoaren 8ko emakumeen nazioarteko egunaren atarian.