Maren Basterretxea berriatuarrak tailerra eta antzerkia eskainiko ditu Uhagonen
Zapatuko [martxoak 4] goizeko tailerrerako izena eman behar da bihar [otsailak 28] baino lehen.
Maren Basterretxea izango da protagonista zapatuan [martxoak 4] Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. Goiz eta arratsalde ariko da aktore berriatuarra. Goizean ‘Objektuen treatrora hurbilpena’ tailerra emango du. Bertan, objetuek gugan duten eragina ikertu eta landuko dituzte: “Zenbat historia gorde dezake objektu batek barnean? Zenbat istorio eraiki daitezke objektu batekin?”. Horrelako galderei erantzuna emango dizkio Basterretxeak.
14 urtetik gorakoentzat dago bideratuta tailerra eta kopurua mugatuta dago. Hain zuzen ere, izena eman beharra dago 94-616 63 03 telefonora deituz edo kulturgunea@uhagon.com posta elektronikora mezu bat bidaliz. Tailerrak bi orduko iraupena du, 11:00etatik 13:00etara, eta 10 euro ordaindu behar dira, Uhagoneko bazkideek 8 euroko prezio berezia dute.
Basterretxearen jarduna, berriz, ez da goizean amaituko. 19:00etan ‘Igaro’ antzezlana eskainiko du berriatuarrak. Sarrerak 4 euro balio du eta kulturguneko bazkideek doako izango dute sarrera. Horrela laburbildu du artistak berak idatzitako eta antzezten duen lana: “Espazio hutsak ez dira beti isilak izaten. Beti gordetzen dute infrasoinuren bat, aspaldiko oihartzunen bat. Emakume batek kutxa handi lapurtzen hutsa. Zerrek du hainbesteko pisua? Noizbait zerbaiten parte izan ziren objektuek, gaur bati tiraka du espazio ezerezean daudenek. Bada kutxa zabaldu eta hautsien dantza ospatzeko garaia, zamak baztertu eta arrastaka daramagun kutxak arnas eman diezagun uzteko unea”.
Sorkuntza lan honetarako iraganeko “ametsen nostalgia” hartu du gai nagusitzat. Iragankortasunaren aldetik, bi hitz “kontrajarri” dira ametsa eta nostalgia: “ametsa gertatzea nahi den zerbait da, hau da geroaren desira; nostalgia ordea iragandako zerbaiten oroitzapena da”. Dualtasunean, gizakia bi denbora ezberdinen desiran bizi dela dio Basterretxeak, iragana eta geroa. Honi aurre egiteko beharrezkoa da “erresumina sendatzea, oroitzapenei lur ematea”. Baina, norbanakoaren izaera ez dute esperientzia indibidualek soilik osatzen, arbasoek ere zerikusia handia dutela esan du. Hori dela eta, honako galdera hau presente dago lanean: zein amets, desira edo ilusio izan zituzten sortzailearen aitona-amonek? “Beraz, sortze prozesu hau memoria ariketa bat izan da: memoria arbasoei eskaintza egiteko, eta memoria behin izandako ametsei lur emateko”.
Maren Basterretxea 2009an José Uruñuela Dantza Kontserbatorian sartu zen, eta bertan egin zituen Ikasketa Profesionaletako lehenengo eta bigarren mailak. Bizitzak dantzatik aldendu zuen, eta bide berriak zabaldu zizkion. Horrela, 2016an Dantzertin sartu zen Arte Dramatikoko Ikasketak burutzera. Gaur egun Atx Teatroa, Anita Maravillas edota Lanku taldeekin ari dira antzezten.