Hegalabur espezieen produktibitateak eta tamainak behera egingo dute
Aztik zuzendutako ikerketak ondorioztatzen du 2050erako atun ekoizpena batez beste % 36 jaitsiko dela, eta tamaina %15 murriztuko dela, arrantza horren eskarian, prezioan eta mozkinetan eraginez.
2050era bitartean, batez beste, ezpata arrainaren eta atunaren ekoizpen potentzial globala %36 murriztuko da, eta espezien tamainari dagokienez, %15 murriztuko dira. Hala ondorioztatu du klima aldaketak eta arrantza presioak mekataritza interesa duten arrain espezieen ekoizpenean eta tamainan zelan eragiten duten aztertzeko Aztik zuzendutako ikerketak.
Azterketak, beraz, ondorioztatu du klima aldaketak eta arrantza presioak etorkizunean “eragina” izango dutela merkataritza espezie nagusien produktibitatean. “Hemendik 2050era aztertutako populazioek, batez beste, euren produktibitate potentzial globala %36 murriztuko dutela aurreikusten da”, adierazi du. Aztiko ikertzaile eta azterlanaren zuzendari Maite Erauskin-Extramaianak. Dioenez, emaitzek iradokitzen dute maila trofiko handiko espezieei arrantza presioak baino gehiago eragingo diela klima aldaketak, baldin eta haien errendimendu jasangarriko mailetatik edo egungo arrantza presiotik hurbil mantentzen badira.
“Ozeano Bareko hegalaburrak bakarrik erakusten du etorkizunean kopuruan apur bat gora egingo duela”, adierazi du, eta jakinarazi du, kalkuluen arabera, bost espezie –Atlantikoko eta Hegoaldeko atungorriak, ezpata arraina, patudoa eta atun zuria– murriztu egingo direla bai biomasan, bai tamainan, erritmo desberdinetan.
Atunaren arrantzan erabilitako erragaia munduko arrantza osoaren %5 da
Espezien tamainari dagokionez, azterketak %15eko murrizketa orokorra aurrikusi du 2050erako, klima aldaketa dela eta. Hala ere, zenbait populaziotan, rabilaren eta Ozeano Bareko atuntxikiaren kasuan esaterako, “tamaina handitzea” aurreikusi dute.
Arrainaren prezioa eta eskaria arrainen tamainaren menpe daudela gogoratu dute, eta, beraz, ondorioztatu dute klima aldaketak eta arrantzak arrantza industriaren “diru sarrerak murriztu ditzakeela potentzialki”, baita produktibitatea handitzea espero den populazioak harrapatzeko ere.
“Arrantza industriak klima aldaketara egokitzeko neurriak hartu beharko lituzke, arrainaren balioa jasangarritasun ziurtagirien bidez handituz eta itsasoko erregai kontsumoa eta denbora murriztuz, digitalizazioaren erabilera handiagoarekin”, ondorioztatu du Erauskin-Extramianak. Ikerlariak uste duenez, erregaiaren kontsumoa murriztea klima aldaketa arintzeko neurritzat har daiteke, “atunaren arrantzan erabilitako erragaia munduko arrantza osoaren %5 delako eta CO2 isuriak murriztuko lituzkeelako”.
Arrainaren prezioa eta eskaria arrainen tamainaren menpe daudela gogoratu dute Aztikoek
Ikerketen emaitzak “tentuz” hartu behar direla dio ikerlariak, dituzten mugak eta ziurgabetasunak direla-eta. “Hala ere, proiektatutako aldaketen norabideak eta tamainak agerian uzten dute etorkiuznean gerta daitekeen agertokia, erabakiak hartu ezean”, dio.
Ikerketa Aztiko talde batek egin du, British Columbiako Unibertsitateagaz lankidetzan, eta Europako eta Espainiako zenbait ikerketa proiektuk finantzatu dute. Hiru urteko lana izan da, eta diotenez, lanak “agerian uzten du” itsas baliabide hain garrantzitsuen etorkizuna bermatzeko ahaleginak non jarri behar diren. “Jakin nahi genuen zelan eragingo dien klima aldaketak eta arrantza presioak merkataritza garrantzi handieneko espezie batzuei, baliabide horien etorkizuna ziurtatuko duten erabakiak hartzeko”, adierazi du Erauskin-Extramianak.