Lekitto Bedarrak mahats inausketa ikastaroa eskainiko du
Aurten, berritasun modura, izen-ematea egunean bertan egingo da, eta ez aurretiaz.
Zapatuan [martxoak 4] 11:00etan jarri dute Lekitto Bedarrareko kideek hitzordua, herriko Argaizto parkean. Hain zuzen ere, 2021eko martxoan, taldeak Lekeitioko Lagunkoi elkarteagaz batera, parkea berreskuratu zuen. Bertako bankuak zaindu eta margotu zituzten, baita mahatsen eusgarriak aldatu eta zortzi mahats ondo berri landatu.
Duela bi urte, mahats zaharrak kendu behar zituztela baliatu zuten lehendabiziko inausketa ikastaroa egiteko. “Arrakasta handia izan zuela ikusi genuen, 17 herritarrek parte hartu zuten bi txandatan banatu behar izan genituen, eta herritarrengandik jasotako harrera ona ikusita errepikatu nahi izan genuen hurrengo urteetan”.
Aurreko inausketa ikastaroak bezala, Pipas Txakolindegiko Anton Onaindia jabea izango da ikastaroa aurrera eramateko arduraduna, “azalpenak emateaz gain, aholkuak ere eramango ditu”. Horrez gain, amorotarrak berak ekoiztutako txakolina eramango du parte hartzaileek dastatu ahal izateko. Pipas Txakolindegia da duela mende bat 900.000 litro ekoizten zuen enpresa bakarra zen. “Luxua da gure ondarea zaintzen duen pertsona hau izatea ikastaroa ematen. Bere jakintza eta esperientzia oso balio handia dauka oraindik mahatsa ortuetan jartzen dutenentzat. Gainera, inausketa mota egiteko honek balio du bestelako arbola batzuk ere egin ahal izateko: kiwiak, esate baterako”.
Mahats inausketa ikastaroaren ondoren, tradizioari mantenduz, hamaiketakoa egingo dute. Antolatzaileek jarriko dute edaria eta ogia, baina Lekitto bedarrak taldetik eskatu dute partaideek eramatea janaria denen artean banatu ahal izateko. Hori bai, aurten ere aldaketak egin dituzte behin pandemiak eragindako mugak atzean geratu ostean. Azken urteetan ez bezala, ez da beharrezkoa aurretik izena eman behar izatea. Zapatuan bertan 11:00etan Argaizto parkean egonda nahikoa izango da.