Denboraldiko lehen antxoa kiloa 5,11 eurotan saldu dute Ondarroan
Hondarribiko 'San Antonio Berria' ontziak deskargatu ditu gaur [martxoak 1], 14:00etan. Kantabrian arrantzatu dute arraina; oro har, antxoa gaztea saldu da bentan.
Baxurako arrantzale tradizionalak hasi dira kosterako lehen antxoa porturatzen. Gaur [martxoak 1] 00:00etan zabaldu dute kostera ofizialki, eta lehen garauak eguerdirako ikusi ahal izan dira Ondarroako portuan. 14:00etan sartu da San Antonio Berria txalupa hondarribiarra. 51 antxoa ale sartu dira kiloan, tamaina ertainekoa eta gaztea, eta nahikoa prezio merkean saldu da: 5,11 eurotan sortarik garestiena eta 4,82 eurotan merkeena.
Pasaian (Gipuzkoa) 10,20 eurora saldu da goizean Romina itsasontziak arrantzatutakoa eta Santoñan (Kantabria) 8,70 eurora. Beraz, Ondarroa izan da antxoa sartu den hirugarren portua. Ikusmin handia sortu dute denboraldiko lehen antxoa garauek, eta bentalekua antxoa gosez zeuden eroslez bete-beteta egon da.
Kantabria aldean daude arrantzan orain txalupak, Castro eta Santoña artean. Bertan daude ontzi asko, ingurukoak, Bizkaikoak eta baita Galiziakoak ere. Kofradiako arduradunek azaldu dutenez, Ondarroa inguruan dagoen antxoa oso txikia da eta erregaia “oso garesti” egon arren, txalupak ohi baino urrunagora mugitu behar izan dira. San Antonio Berria-k 153 kaxa antxoa deskargatu ditu: “Arraina deskargatu eta berriro itsasoratuko gara. Arratsalderako berriro arrainagaz lehorreratzeko asmoa daukagu, baina Santoñan kasu honetan”, azaldu dute arrantzaleek.
Azken urteetako kuotarik handiena edukiko dute; izan ere, iaz baino %17 gehiago arrantzatu ahal izango dute: 30.000 tona inguru. Azken urteetako antzeko kopurua da, baina bada berritasunik, asko gutxituko baita Europako Batzordeak berdela gehiegi arrantzatzeagatik 2013an Espainiari jarritako isuna. Aurten 180 tona gutxiago harrapatu ahalko dira, eta hurrengo urtetik aurrera ez da isunik egongo.