EH Bilduk bilera baterako deia egin du Ispasterren
Bilera barikuan [martxoak 3] egingo dute, 19:00etan, Iñigo Egiluz aretoan.
EH Bilduk bilera bat deitu du Ispasterren; barikuan [martxoak 3] Iñigo Egiluz aretoan batzera deitu dute. Bilera “zabala” izango dela aurreratu dute, eta udal hauteskundeetara aurkezteko aukeraz hitz egiteaz gain, balizko zerrendaz eta programaz ere ariko dira sustatzaileak.
Azaldu dute azken 16 urtetan Herritarren Ahotsa (HA) udal taldearen inguruan mugitu diren ispastertarrek gogoeta bat egin dutela eta ondokoa ondorioztatu dutela: “Bada garaia Ispasterren ere, Lea-Artibaiko udalerri gehienetan gertatzen ari den bezala, EH Bildu moduan agertzeko, normaltasun osoz”. Zehaztu dute maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetara EH Bilduren hautagaitza aurkezteko aukera mahai gainean dagoela.
“Gauza asko aldatu dira Euskal Herrian azken urteetan, eta beste asko daude aldatzeko bidean, eta alderdi politikoek badaukate horretan zer esan, bakoitzak bere ikuspegitik. Herri txikiek bilatu behar dute beren lekua bide horretan, udalgintzan eta herrigintzan. Horretarako, Euskal Herri mailako babesa izatea lagungarria da oso, lekuan lekuko eginbeharrekin batera”.