Lekeitioko Udako Arte Erakusketan izena emateko epea zabalik dago
Lanak Eskolape aretoan uztaila eta abuztua bitartean egongo dira ikusgai.
Beste urte batez Lekeitioko Udalak Udako Arte Erakusketa egingo du. Hain zuzen ere, bertan parte hartu nahi dutenek apirilaren 13a dute azken eguna izena eman ahal izateko. “Aurten ere, hainbat arte diziplinetaz gozatzeko aukera izango dugu herrian. Erakusketa honek alor ezberdinetako artistengana heldu nahi du, arte aniztasunaren isla izan dadin. Horregatik erakusketa honetan parte hartzera animatzen ditugu”, adierazi dute udal ordezkariek.
Horretarako, bi bide zabaldu dituzte. Alde batetik, kultur etxeko bulego orokorrean eta bestetik, kulturetxea@lekeitio.eus posta elektronikora mezua bidaliz. Artistek lanen argazkiak eta dokumentazioa (biografia eta erakusketaren azalpena) aurkeztu behar dituzte. Kultura arloak ebaluatuko du lanok behar besteko mailarik duten udako erakusketan aurkeztu ahal izateko. Maiatzaren hasieran argitaratuko dituzte onartuen eta baztertuen zerrenda.
Hori bai, antolatzaileek zenbait irizpide beteko dituzte. Artista batek ezin du bi urterik behin baino gehiago parte hartu Lekeitioko Udako Arte Erakusketan. Hala ere, gutxieneko hautagaien zerrenda bete ez gero, aurreko urteko artistek parte hartzeko aukera izango dute. Lehentasuna izango dute lekeitiarrek eta eskualdeko artistek: %70 herrikoak izango dira, %10 mankomunitatekoak eta %20 kanpokoak. Lekeitiar moduan hartzeko “ezinbestekoa” izango da errolda agiria aurkeztea.
Gero, zozketa egingo dute aurreko lehentasunak kontuan hartuta. Bi zaku erabiliko dituzte, lehendabizikoan parte hartzaileen izenak sartuko dira eta bigarrenean asteak. “Artista bakoitzaren erakusketaren iraunaldia aurkeztutako artista kopuruaren arabera izango da. Astebeteko erakusketak izango dira printzipioz, baina bi astetara luza daitezke aurkeztu den partaide kopurua ez bada handiegia”. Uztailaren 11tik abuztuaren 20ra dute eskatu Eskolape Aretoa eta 18:00etatik 21:00etara egongo dira lanak ikusgai.