Kaleko katuen populazioa kontrolatuta dago Lekeition
Lekeitioko Udalak eta herriko eragile batzuek orain dela ia lau urte jarri zuten martxan kaleko katuen koloniak kontrolatzeko kanpaina: 2019tik gaur egunera arte, 200 katu inguru esterilizatu dituzte eta katuei jaten emateko hamar gune jarri dituzte.
Kaleko katuen koloniak kontrolatzeko egitasmoak fruituak eman dituela jakitera eman du Lekeitioko Udalak. Orain dela ia lau urte hasi zuten koloniak kudeatzeko kanpaina, herriko beste eragile batzuen parte hartzeagaz. Kolonien egoera aztertu zuten, Gureak izeneko elkarteagaz batera eta, ondoren, plan bat ezarri zuten, eman beharreko pausoak zehazteko.
Lau urteotan herriko katuak esterilizatu dituzte –200 inguru– , antibiotikoak eman dizkiete eta herrian zehar katuei janaria emateko puntuak jarri dituzte: San juan, Pietate, San Andres, Basoaldea, Abaroa partea, Uribarren parkea, Usotegi, Eusebio Maria de Azkue, Aldamiz Etxebarria. “Orain, Ezpeleta kalean ere jarriko da gune bat”, azaldu dute.
Elkarlana. Hemendik aurrera, sortu berri den herritarren Katuekin bat elkartea izango da elikagaien puntuetan pentsua jartzearen ardura hartuko duena. Udalak ordainduko ditu azpiegitura, albaitari eta bestelako gastuak. Egitasmoa martxan jarri zenetik, Lekeitioko Udalak ia 20.000 euro bideratu ditu katuen koloniak kudeatzeko kanpainara.