Lekeitio bederatzigarren Loraldia Festibalean izango da
Lekeitiok bigarren urtez jarraian hartuko du Loraldiaren Udako Sormen Ola uztailaren 10etik 15era
Martxoaren 9tik 26ra, 17 egunez, Bilboko hamalau espazio desberdinetan 23 ekintza antolatu dituzte. Bilbo loratuko dute, eta Lekeitioko kultura garaikidea ere bertan izango da. Lau dira lekeitiarrak nabarmentzen diren ekintzak; alde batetik, musika eta literatura eta beste alde batetik, historia eta kondaira.
Martxoaren 11n Sonia Gonzalez idazle lekeitiarrak Kafe Antzokiko ‘Bilbon dabil Gabriel Aresti’ bazkari-ikuskizunean parte hartuko du beste hainbat sortzailegaz batera. Lekeitiarrak testu berri bat ondu du Aresti Bilboko poetari buruz. Martxoaren 17an, toki berdinean, Eire Festa antolatu du Loraldiak. Irlandako doinuen artean Marmara taldeak parte hartuko du. Kintana ahizpek a capella kantatuko dute gaelikoz eta euren errepertorioko hainbat kanta. Horrez gain, Joseba Iturraspe McOnak talde lekeitiarrekoeko partaidea The Potes taldeagaz batera arituko da The Pogues taldearen kantak tauletara plazaratzen.
Martxoaren 19an, Arriaga Antzokian ‘Galerna. Azken Bidaia’ izeneko kantata eszenikoa estreinatuko da eta bertan Lekeitioko herri kultura eta historiaren hainbat adierazpen agertzen dira. Kantata honek 1912ko Galerna du gaitzat eta tragedia hori gogoratzeaz gain, dei-egitekoak eta Garraitzeko lamiak ere gidoian agertzen dira. Eta azkenik, martxoaren 25ean, La Terminal aretoan (Zorrotzaurreko irlan) Silitia musika taldearen aurkezpena izango da. Ibai Silikato artista lekeitiarraren proiektu musikala da eta Euskadi Gaztea saria irabazi ondoren Loraldia Festibalean izango du aukera bere kantak plazaratzeko.
Ikuskizun hauek ikusteko sarrerak salgai daude festibalaren web orrian. Horrez gain, Lekeitiok bigarren urtez jarraian hartuko du Loraldiaren Udako Sormen Ola uztailaren 10etik 15era. Udalak eta Loraldia Kultur Elkarteak hitzarmena sinatu zuten.