Lekitto Bedarraren mahatsaren inausketa ikastaroa “arrakastatsua” izan da
Zapatuan [martxoak 4] bederatzi herritar elkartu ziren Argaizto parkean.

Lekeitiarrak ez ezik, Berriatuko eta Zornotzako parte hartzaileak izan zituen Lekitto Bedarra elkarteak antolatutako mahatsaren inausketa ikastaroak. Pipas Txakolindegiko Anton Onaindia amorotarrak eman zituen azalpen guztiak. “Partaideek adi-adi jarraitu zituzten Onaindiak azaldutakoak. Horrez gain, parte hartzaile bakoitzak aukera izan zuen mahatsondo oso bat inausteko”, azaldu du Julian Arrate Lekitto Bedarra elkarteko kideak.
Bi urteko mahatsek aukera ezin hobea eman zuten erakusteko inausketa “espaldera” erara jartzeko. “Zutabe nagusitik adar berriak ahal den hurbilen uzten saiatu ziren, landara indartzeko eta fruitua emateko. Sikatutako alea kendu eta berri bat jarri zuten beltz kolorekoa”. Horretarako, zelako zuloa egin eta zelan landatu ere erakutsi zuen Onaindia ikastaroaren arduradunak. Gainera, arbola guztiak ongarritu zituzten behi simaur zaharragaz. Ikastaroari behar moduko amaiera emateko, mahaiaren inguruan elkartu ziren parte hartzaile eta antolatzaileak. Pipas Txakolina dastatzeko aukera izan zuten partaideek eta jatekoa elkarren artean banatu zuten.
Ikastaroaren amaieran, parte hartu zutenek inkesta bat bete zuten eta antolatzaileek esan dute erantzunak “oso onak” izan zirela, hau da, ikastaroa “arrakastatsua” izan zela: “Oso ondo baloratu zuten ikastaroa, batez ere, teoriaz edo azalpenaz gain praktikatu ahal izateko aukera. Azkenik, horrelako ikastaroak herrian izateari balio handia eman zioten”.

Argazkia: Lekitto Bedarra