Bizkaiko Foru Aldundiak Markina-Xemeingo HAPO onartu du 17 urteren ostean
Herri Antolamendurako Plan Orokorraren onarpena Etxebarriko saihesbidea egiteko pausu estrategikoa da.
Luis Egurrola herriko alkatea “oso pozik” agertu da: “Berebiziko garrantzia dauka etorkizuneko Markina-Xemein egituratzerako”. Herri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) herria antolatzeko plan orokorra da, lurraldea ordenatzen duen marko orokorra alegia.
7.000 biztanle baino gutxiagoko herrietako HAPO Bizkaiko Foru Aldundiak onartu behar du eta horregatik luzatu da hainbeste. Azaldu dutenez, ohikoa izaten da hainbeste luzatzea horrelako herrietan. “Legedia etengabe berritzen da eta horregatik atzeratu da baita ere, xehetasun berri bakoitza gehitu behar delako dokumentuan”, esan dute. Herriko antolamendu guztia HAPOren araberakoa da, asko baldintzatzen ditu mugimenduak, herrigunea zelan hedatuko den, adibidez, “dokumentu honek zehazten du herriko gune bakoitzean zer egin eta zer egin ez daitekeen, non eraiki eta non ez eta zelako etxebizitzak egin”.
Prozesu luzea izan da gaur egungo udaleko helburu nagusietako bat zen HAPOren behin-betiko onarpena. “Zaharkituta zegoen dokumentua zen eta beharrezkoa zen gaur egungo beharrizanei erantzunak emateko eta errealitateari egokitzeko”. Zuzenketa asko egin behar dituzte, “atzera pausuak eman gero aurrera joan ahal izateko”. Bizkaiko Foru Aldundiagaz bilera asko izan dituzte, haiek ikusitako hutsuneetaz ohartzeko eta zelan bete jakin ahal izateko. “Irtenbidea aurkitu azken batean, amaiera eman beharra zegoen”.
Urte askotako lana izan da eta udaletxeko batzordeetan landu dute. Bizkaiko Foru Aldundian aurkeztutako plana udaletxeko bi alderdi politikoengatik “guztiz adostuta” dagoela jakinarazi dute. “Oso garrantzitsua da parte hartu dugun entitate guztien elkarlanaren bidez plana aurrera eraman ahal izatea”.
Dokumentua udalaren webgunean dago eskuragarri. Eta amaitura badagoen ere, aurreratu dute “lanean jarraituko” dutela aldaketak batzuk prestatzen daude. “Ez du esan nahi Markina-Xemeingo herri antolamendua onarpen honegaz amaitzen denik, lanean jarraituko dugu”. Kontsultak jasoko dituztela badakite, “interesa piztuko da” eta herritarrengandik jasota galdera denak erantzuteko prest agertu dira udaletik.
Estrategikoa. Herri Antolamendurako Plan Orokorraren onarpenak zuzeneko ondorioa du: martxan jartzen du Markina-Xemein eta Etxebarriko saihesbidea. “Laster lizitatuko da proiektua. Ezinbesteko baldintza zen HAPO onartuta izatea martxan jarri ahal izateko”. Saihesbideak lehenagotik eginda dagoen bidea osatuko du. Hau da, Markina-Xemeingo Iturreta auzoan hasiko da bide berria, eta Markina-Xemeingo herrigunea hegoaldetik inguratuko du.