Emakumeari eta berdintasunari buruzko horma-irudia margotuko dute Markina-Xemeinen
Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiak gidatuta dago. "Emakumeen berdintasunaren eta eskubideen aldarrikapenak Bizkaiko txoko bakoitzera iritsi behar du".
Ekimena Emakumeak izeneko proiektuaren barruan kokatzen da. Horma-irudiak udalek utzitako eta artista bizkaitarrek margotutako espazioetan daude. “Emakumeen berdintasunaren eta eskubideen aldarrikapenak Bizkaiko txoko bakoitzera iritsi behar du”, esan du Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak.
“Horma-irudi horiek jarduera sorta handi baten parte dira, Emakumeak proiektuaren baitan. Proiektu horrek gure gizartean berdintasunaren erronka handiak herritarrei hurbiltzeko egin dugun ahalegina bildu du”. Era berean, gizarte desberdin batean bizi garela salatu du, “emakume izateagatik zigortzen, aldentzen eta ikusezin bihurtzen gaituen gizartean”, hain zuzen ere.
“Berdintasuna lortuta dagoela esaten badigute ere, emakume feministok argi eta garbi esaten dugu gizonek pribilegioak dituztela, egitura sozial, ekonomiko eta familiarra desberdina dela, eta indarkeria patriarkatuaren adierazpen basati eta jasanezinena dela”, azpimarratu du.