Greba orokor baterako prozesua abiatu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak
Protesta "zaintza eskubide unibertsalen alde" egiteko helburuagaz abiatuko dutela esan dute. Ez dute greba orokorrerako egunik zehaztu, baina zehaztu dute M8tik kanpo egingo dutela.
“Zaintzarako eskubide unibertsala exijitzen dugu, eta zaintza horiek negozio izateari uztea. Horregatik, greba feminista orokor baterantz goaz, eta gaur, martxoaren 8a da lehen urratsa”. Horrela iragarri du Euskal Herriko Mugimendu Feministak greba orokor batera deitzeko prozesu bat abiatuko duela, “zaintza eskubide unibertsalen alde”. Ez dute greba orokorrerako egunik zehaztu, baina M8tik kanpo egingo dute.
Zaintzarako eskubidea izango da gaurko ardatza, baina mugimendu feministak adierazi du bihartik [martxoak 9] aurrera ere horren bueltan lanean segituko duela. Otsailean abiatu zuten “borroka dinamikagaz” jarraitzeko asmotan, Denon Bizitzak Erdigunean izeneko prozesua jarri du martxan, zaintzaren auzia erdigunean kokatzeko eta gaia herriz herri lantzeko: “Aliantzak eta proposamenak bateratu nahi ditugu herri mugimenduekin eta eragile sozio sindikalekin, aldarrikapen agenda bat sortuz”.
Euskal Herrian, emakume langileentzat zaintza lanak “indarkeria eta desberdinatsunaren ardatza” direla adierazi dute
Helburua argi dute: zaintzaren arazoa “erdigunean” jartzea. Izan ere, feministek salatu dute historikoki emakumeak izan direlako “zaintzaren pisua eraman” dutenak, eta lan horiek “inoiz ez direlako aitortuak” izan: “Are gehiago, politikoki, sozialki eta ekonomikoki ikusezinak eta gutxietsiak izan dira”. Gainera, Euskal Herrian, emakume langileentzat zaintza lanak “indarkeria eta desberdinatsunaren ardatza” direla adierazi dute: “Arraza, atzerritartasun egoera, adina, sarea eta estatus soziala gurutzatu eta berrelikatu egiten dira”.
Feministek gogoratu dute, feminismoak “aspaldi” azaleratu zuela zaintza lanen “merkantilizazioa eta pribatizazioa”. Izan ere, zaintzari zentraltasuna ukatu bazaio ere, “kapitalismo patriarkala” horretaz “aberastu” dela nabarmendu dute: “Mundu bidegabe eta desberdin honetan, sexuatuak, arrazializatuak, estratifikatuak daude zaintzak. Zentraltasuna ukatu zaio zaintzari, baina, aldi berean, kapitalismo heteropatriarkala honen gaineko irabaziez aberastu da”.
“Kolapso egoera batean bizitzen ari gara”, diote, eta horren arrazoia “estrukturala heteropatriarkal eta kolonialetan oinarritzen den kapitalaren sistema metatzailea” da, feministen berbetan. “Azpiegitura publikoaren murrizketak, lehen mailako arretaren eta osasungintzaren hustuketa, bizitzaren garestitzea, etxebizitza eskuraezina, argiaren eta gasaren faktura… Kapitalaren eta enpresen estrategia deliberatu baten dimentsioetako batzuk dira hauek, euskal gobernuagaz zein instituzio espainiarrekin batera, hainbat zaintza beharrizan merkantilizatzeko, pribatizatzeko eta horiekin espekulatzeko”, salatu dute.