Ekhi Aboitiz eta Itziar Zabala, Tanzanian ilusio berriak pizten
Tanzaniara oporretan joateko ideia ekintza sozial bilakatu zen berehala. Eskalada oinarri izanda, Tanzaniako Musoma herria eta hango umeak laguntzeko prest daude.
Ekhi Aboitiz lekeitiarra eta bere bikotekide Itziar Zabala dimoztarra abentura berri eta desberdin batean murgildu ziren Gabonetan. Tanzaniara turista modura joateko asmoa zeukaten, baina asmoa berehala aldatu zen albiste bat irakurri zutenean. Albisteak Tanzaniako Jipe Moyo Centre umezurztegian eskaladako proiektu berri bati buruz berba egiten zuen.
Zabala eskalatzaile profesionala izan da urte askoz eta Aboitiz eskalada zalea da. «Tanzaniara joatea erabaki genuen bidaian, baina eskalada ez zegoen gure planen barruan», adierazi du Aboitizek. Climbing for a Reason fundazioak sortu zuen Tanzaniako proiektua, beste herrialdeetako proiektuen arrakasta ikusita. Fundazioak eskalada oinarri duten proiektu asko egin ditu, Amazonasen edo Pakistanen, esate baterako. Eskalada proiektu sozial bategaz lotzen dute, bertako biztanleei laguntza emateko eta egunerokotasunerako beste tresna batzuk eskaintzeko.
Tanzania korrupzio handiko herrialdea da, eta nahiz eta materiala bidali, ez zen bertara iritsiko
Aboitizen eta Zabalaren lehenengo ideia laguntzea izan zen, eta bertara eskaladako materiala bidaltzea bururatu zitzaien. Materiala eramateko prest zeuden, baina beste plan aldaketa bat egon zen. «Climbing for a Reasoneko kontaktuagaz jarri ginen harremanetan, Lucho Birknerregaz, eta bertan benetan oinarrizko beharrizanak ez daudela guztiz asetuta esan zigun. Beraz, hainbeste material ez eramateko eta dirua eramateko eskatu ziguten», azaldu du Aboitizek.
Tanzania korrupzio handiko herrialdea da, eta nahiz eta materiala bidali, ez zen bertara iritsiko. «Ezin bagenuen bidali, gu joan beharko ginela pentsatu genuen. Konturatu ginen material guztia geuk eraman, bertaraino iritsi eta hori guztia egiten bagenuen, diruak ez zigula emango». Orduan, bidaiaren kostuekin laguntzeko, Aboitizek diru bilketa bat egin zuen, batez ere hegazkineko estrak ordaintzeko.
Proiektuaren helburuetako bat, izan ere, bertako ekonomia suspertzea da, baina bertako biztanleek beste gauza batzuei begiratzen diete, beste begirada bat daukate
Premiei erantzunez. Diru bilketan 2.000 euro inguru batzea lortu zuten eta, beraz, beharrezko materialak eta dirua hartu, eta Musomara joan ziren. Bertara iritsi zirenean, bilera bat egin eta eramandako dirua zertan gastatu adostu zuten. «Biogasagaz sukaldatzeko proiektua hasita zeukaten, eta horretarako utzi dugu dirua. Lehen egurragaz egiten zuten eta orain, aldiz, biogasagaz. Egurragaz eginez gero, garestiegia ateratzen zitzaien, eta lege aldaketa batengatik ezin zuten egurragaz jarraitu». Horrez gain, mutilen komuna berritzeko ere eman zuten dirua.
Edozer gauza behar zutenean, bertako merkatuan erosten zuten, eta horrela herriaren ekonomiari laguntzen zioten. Proiektuaren helburuetako bat, izan ere, bertako ekonomia suspertzea da, baina bertako biztanleek beste gauza batzuei begiratzen diete, beste begirada bat daukate: «Atentzioa deitzen du oso desberdin bizi direla gugaz alderatuta. Hemengo begiekin begiratuta gutxi daukatela edo ez dituztela guk ditugun baliabideak ematen du, baina han zaudenean konturatzen zara gu baino askoz zoriontsuagoak direla. Beraiek beste gauza batzuekin erlazionatzen dute zoriontasuna, eta beti daude irribarretsu, elkarri laguntzeko prest. Horrek niri atentzioa deitu zidan».
Musomako umeek deskubritu berri zuten kirol bat zen eskaladada, eta ilusio berri bat piztu zitzaien horregaz batera
Climbing for a Reason proiektua 2022ko irailean hasi zen. Musomako umeek deskubritu berri zuten kirol bat zen eskaladada, eta ilusio berri bat piztu zitzaien horregaz batera. Egun guztia eskalatzen igaro nahi zutela azaldu du Aboitizek. Ez zuten kirol bat bezala ikusten, baina geroz eta atzerriko jende gehiago etortzen zela edo proiektua garrantzia hartzen zegoela ikustean, seriotasun handiagoagaz hartu zuten. «Bi txiletar, bi euskaldun eta beste neska italiar boluntario bat heldu zen, denak batera geunden umeei laguntzen. Bertakoek ikusi zuten honegaz jendea iristen zela, beraientzat dirua uzten zutela, eta proiektuaren garrantziaz konturatzen hasi ziren».
Nahiz eta Aboitiz eta Zabala dagoeneko etxean egon, Climbing for a Reason proiektua ez da momentu batean ere gelditu, ez da eten, eta boluntario batzuk bertan daude oraindik: «Gu joan ginenean, txiletarrak eta bi italiar bertan gelditu ziren, eta beranduago bi alemaniar heldu ziren. Bertan zeuden boluntarioek erabaki zuten sare sozialetan argazkiak argitaratzea, proiektua ezagutzera emateko».