Izen eta abizenen grafia euskalduntzeko kanpainagaz bat egin du Markina BHIk
Martxoaren 14an Mikel Gorrotxategi euskaltzainak hitzaldia emango du kultur aretoan.
Uemak (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) diseinatutako kanpaina da. Hasiera batean herri mailan egin zuten bai Markina-Xemeinen baita inguruko herri txikietan ere, Ziortza-Bolibar, Aulesti, Munitibar eta Etxebarrian, esate baterako. Orain eskola komunitatean “indar berezia” eman nahi diote kanpainari.
Izen eta abizenen grafia euskalduntzea pausu “garrantzitsua” dela esan dute “euskal kultura eta nortasuna babesteko”. “Helburua da nortasun dokumentu ofizialetan gure izen-abizenak euskaraz ganoraz idatzita edukitzea da. Gaztelerazko grafia daukagunon kasuan pausu bat ematea proposatzen da”. Horregatik, eskola komunitate osoari parte hartzeko deia luzatu diete, ikastetxeko langile eta familia guztiei. Hain zuzen ere, jakinaren gainean egon daitezen, gurasoei gutuna bidaliko diete eta langileei posta elektroniko bidezko jakinarazpena eta gonbidapena.
Markina-Xemeingo Institututik hainbat ekimen jarriko dituzte martxan. Datorren astelehenean [martxoak 13] ikasleek gelaka kanpainaren inguruko azalpenak emango dituzte. Bigarren mailako euskara batzordeko kideek hartuko dute aitzindaritza. Martitzenean [martxoak 14] Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiako onomastika arduraduna hurbilduko da hezkuntza zentrora. Laugarren mailako ikasleekin solasaldia egingo du euskaltzainak eskolako liburutegian. Arratsaldean, kanpaina herri osora zabaltzeko intentzioagaz, Gorrotxategik Markina BHI kultur aretoagatik aldatuko du. 18:00etatik aurrera izen eta abizenen grafia eta jatorriari buruzko hitzaldia eskainiko du. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, zaintza zerbitzua emango dute, gurasoei hitzaldira joateko “erraztasunak” emateko. Umeekin datorrenak frontoi atzeko ludotekan utzi ahal izango ditu umeak.
Prozesua. Bide batez, izen eta abizenak euskaldundu nahi dutenentzako argibideak eman dituzte. Hasteko, udaletxean errolda agiria atera behar da, umeen kasuan ama edo aitarena eta umearena, eta nagusia izanda norberarena. Ostean, errolda agiriagaz bake epaitegira joan behar da. Umeentzat familia liburua eta NANa eraman behar da. Markina-Xemeindarrek bertoko udaletxera, baita bolibartarren kasuan ere. Munitibarrek, aulestiarrek eta Etxebarritarrek bake epaitegia udaletxe bakoitzean dute. Bertan, ziurtagiri bat emango dute. Azkenik, bake epaitegiko ziurtagiriagaz eta NANagaz karneta egiteko polizia etxe batera joan behar da. Bertan dohainik eramaten diren datuak berritzen dituzte nortasun agirian edo pasaportean.