Maren Basterretxea: "Gizakiak beti erabili izan ditu txotxongiloak bere sentipenak errepresentatzeko"
Aktore berriatuarra ‘Igaro’ bere lehen ikuskizuna aurkezten ari da Lea-Artibaiko hainbat herritan. Martxoaren 31n Mutrikuko Zabiel kultur etxean egongo da.
Zer da Igaro?
Antzezlan bat da objektuak eta txotxongiloak erabiltzen dituena. Objektuen antzezlan bisual bat da azken batean. Era berean, hausnarketa bat da, asko kostatzen zaigu orainaldian bizitzea eta. Errito moduan sortu da, arbasoei eskaintza bat egiteko eta norbere iraganari ere, pisatzen edo min egiten duen hori atzean uzteko.
Zuk idatzitako eta antzeztutako zure lehen antzezlana da. Zelakoa izan da sormen prozesua?
Artedraman gradu amaierako lan moduan aurkeztu nuen. Prozesua gehien bat teorikoa izan da, asko sakondu dut bertan. Lan orok alde teoriko bat du eta niretzako oso lagungarria izan da une denetan presente izateko zer nahi dudan kontatu eta zelan nahi dudan egin lana. Bizipen pertsonaletatik sortutakoa da, baina fikzioa ere badu, beraz, autofikzioa dela esan daiteke. Horrez gain, teoria transgenerazionalen inguruan irakurri nuen eta nire lanean sartu nahi izan nuen. Norbera ez dela bera bakarrik, bere iragana ez dela bakarrik kontuan hartzen, arbasoengandik jasotako asko dagoela dio teoria horrek eta azken batean gure parte direla, gure iraganaren parte izan direlako, horregatik garela garen modukoak. Hari horretatik tiraka, objektuen antzerki dokumentalera heldu nintzen. Objektuen antzerkiak adar asko ditu eta honek ez ditu objektuak animatzen, ez dira manipulatzen atzetik hartuta, baizik eta objektuaren memoria hartzen da kontuan eta hortik ematen zaio arima. Helduentzako antzezlana da, apustu bat egin nahi nuen. Euskal Herrian txotxongilo eta objektuen teatroa ez da oso bizia eta Taun-Taun edo Deja Vu bezalako konpainiek lan handia egin dute, baina hala ere ez du behar besteko oihartzunik eduki, eta nonbaiten lekua badaukagu, hori antzerkian da. Beraz, iruditu zitzaidan kontatu nahi nuen gai sakona kontatzeko diziplina hau zela egokiena. Era berean, antzerki mota hau helduengana heltzeko modu bat da.
“Gauza xume bat egin nahi nuen, eta gauza xume bat da Igaro“
Pozik zaude lortutako emaitzagaz?
Gustura nago, gauza xume bat egin nahi nuen eta gauza xume bat da Igaro, ez dut handikeriaren bat egin. Zerbait sinplea egin nahi nuen, eta sinpletasunean aurkitzea edertasuna, hori zen helburua, eta lortu dut. Gauza gehiago eta beste modu batean egiteko era asko daude, beti, baina dagoenarekin eszenatokira lasai irteten naiz. Teoriagaz hasi nintzenetik urtebeteko lana izan da. Luzeagoa izan zen zer egin eta zelan egin erabakitzeko denbora. Bestelako lana izan da teoria horiek eszenan zelan aplikatu erabakitzea.
Eta ikusleen erantzuna ona izan da?
Zazpigarren aldiz aurkeztu nuen antzezlana Markina-Xemeinen. Egia da aurkeztu nuen lehen aldian pentsatu nuela «zer egiten ari zara?». Azkenean asko biluzten naiz pertsona moduan. Lehenengo hurbileko, lagun eta familiakoen erreakzioak jaso nituen. Gero, beste etapa bat izan zen ingurukoetatik eta eskolatik gehiago zabaltzea. Eta ostera ere galdera berdina etorri zitzaidan burura: «Zer egiten ari zara?». Ikusi nuen helburua lortzen ari nintzela, hau da, esperientzia pertsonal bat abiapuntu hartuta ikusleak identifikatuta sentitzea: gainontzekoei ematea nik sentitzen dudana. Jendearen begiradan edo feedbackean hori sentitzen nuen, horrek asko lasaitu ninduen eta hurrengo emanaldietan lasaiago eta gusturago egon nintzen.
Zelan murgildu zinen txotxongiloen munduan?
Arte dramatikoa COVIDa sartu zen sasoian amaitu nuen, beraz, nire belaunaldikoek ezin izan diogu amaiera borobil bat eman. Gradu Amaierako Lana egin gabe utzi nuen eta lanean hasi nintzen. Anita Maravillas konpainia zornotzarretik deitu zidaten eta haiekin froga batzuk egiteko aukera eman zidaten. Nik argi esan nien ez nuela esperientziarik txotxongiloekin. Hala ere, duela urte batzuk txotxongiloak eszenatoki batean ikusi nituenean argi geratu zitzaidan bidea hori izan behar zela eta aukera horretatik tiraka jarraitu dut eta orain hirugarren urtea da elkarlanean gaudela.
“Berriatuan jende asko etorri zen eta pilo bat eskertu nuen babes hori, haien begiradek konplize sentiarazi ninduten”
Zer ematen dizute txotxongiloek?
Gizakiak beti erabili izan ditu txotxongiloak eta objektuak bere sentipenak errepresentatzeko. Tradizioa transmititzen naute, eta horrek gehiago asetzen nau; lurrarekin eta bizitzagaz lotuago sentiarazten naute. Zerbait benetakoa da niretzat, lurtarra dena, pisua duena, eta batez ere errotuta dagoena.
Etorkizunean diziplina horretan jarraitu nahi duzu?
Txotxongiloekin jarraitu nahi dut. Objektuengandik gehiago ikasi nahi dut, formatuan batez ere, asko dut ikasteko oraindik. Beste bide batzuei ez diet ateak ixten. Aktore lana, adibidez, hor dago eta asko gustatzen zait. Argi dut txotxongiloen munduan jarraipena eduki nahi dudala, baina ez ditut beste bide batzuk baztertzen.
Lea-Artibaiko hainbat herritan egon zara. Berezia da etxetik hurbil antzeztea?
Bai, berezia da. Ondarroan egon nintzen abenduan, gero Berriatuan urtarrilean, ostean Markina-Xemeinen joan den asteburuan eta Mutrikun ere antzeztuko dut martxoaren 31n. Azkenean jendeak ni ezagutzea asko egiten du, eszenatokian zaurgarriago aurkitzen naiz. Kontatzen dudanak fikziotik baduen arren, errealitatetik asko du. Berriatua, esate baterako, ez da oso herri antzerki zalea, baina jende asko etorri zen eta pilo bat eskertu nuen babes hori, haien begiradek konplize sentiarazi ninduten. Joan den zapatuan Uhagonen tailer bat egiteko proposamena egin zidaten. Antzerki mota hau jendearengana heltzeko beste modu bat da. Nire barne prozesuaren zati txiki bat erakutsi nahi izan nien.