Jendaurrean hitz egiteko tresnak eman dituzte Lea-Artibaiko Emakume Ekintzaileen VII. topaketan
Nerea Gartziak gidatu zuen atzo [martxoak 9] saioa Markina-Xemeingo Lea-Artibai Berrikuntza Gunean.

Leartibai Fundazioak azken zazpi urteetan antolatzen duen ekimena beste behin arrakastatsua izan zen. Eskualdeko zenbait emakume jendaurrean hitz egiteko tresnen inguruan aritu ziren atzo [martxoak 10] 14:30eatik 16:30eara Markina-Xemeingo Lea-Artibai Berrikuntza Gunean. Hiru izan ziren Nerea Gartziak landutako gaiak. Batetik, jendaurrean hitz egiteko dituzten oztopoak aztertu eta mahai gainean jarri zituzten. Bestetik, bakoitzak dituen gaitasunak identifikatu eta indartu zituzten. Azkenik, modu eraginkorrean komunikatzeko tresnak landu zituzten.
Azken batean parte hartzaileek “beldurrak eta oztopoak” elkarbanatu zituzten aktore ondarrutarragaz: “Bakoitzak bere negozio-ikuspuntutik jendearen edo bezeroen aurrean hitz egiterakoan eta oztopoei aurre egiterakoan izan dituen esperientziak partekatu ditu”. Hain zuzen ere, hori zen helburu nagusietako bat, “egunerokotasunean etenaldi bat eginez, eskualdeko beste emakume ekintzaile batzuekin elkartzeko, ezagutzak eskuratzeko eta harremanak sortzeko aukera izatea”.
Gartziaren arabera, emakumeak “mendeetan zehar espazio publikoetatik kanpo” egon dira, eta gaur egun ere “plazan dagoen emakumeak badaki epaitua” izango dela dio. “Ondorioz, hainbat oztopo eta beldur sentitzen dituzte zenbait egoeratan jendearen aurrean hitz egiteko, eta, horregatik, isilik geratzen dira”. Talde txikian eta konfidantzan egitea izan da arrakastaren gakoetako bat. Antolatzaileek esan dute partaideek “pozik” amaitu zutela, horrela hitz egitea “errazagoa” delako.