Berriatua nagusitu da kluben arteko Euskal Herriko zesta txapelketan
Zapatuan [martxoak 11] Markina-Xemeingo Uni Frontoiak hartu zituen gazteen txapelketako finalak eta Zumaiak nagusiena.
Lea-Artibai eta Mutriku beste behin zesta-puntako gorengo mailan dagoela berretsi zuen. Final denek izan zuten eskualdeko partaideren bat, hori gutxi ez, eta denek irabazi zuten txapela. Markina-Xemeingo Uni frontoiak hartu zituen gazteen mailako finalak zapatuan. Umeen mailan, Markina-Xemein eta Berriatuaren artean jokatu zen finala. 30-20 nagusitu ziren Jokin Maguregi eta Peru Landaluze etxeko semeak Denis Alberdi eta Aratz Goikoetxea berriatuarren kontra.
Gazteen artean, Xabier Arrasate eta Xuban Galdosek bikain jokatu zuten Noaineko Azpiroz eta Ontoriari, 30-21 irabazi zuten. Finalik desorekatuena 22 urtetik azpikoena izan zen, Ortzi Aldazabal eta Amets Aldazabal berriatuarrek ez zieten aukerarik eman Haritz Egaña eta Ander Ureta zumaiarreri eta 30-12ko emaitzagaz nagusitu zitzaien.
Bestalde, atzo [martxoak 12] Zumaian jokatu ziren nagusien finalak. Senior mailan, Berriatuko zesta eskolako Antxon Alberdik eta Roberto Lekuek txapela jantzi zuten Urko Lekerikabeaskoa eta Oier Diazen kontra: 30-22. Ohorezko mailan, berriz, Mutriku nagusitu zen. Lehia berdindua bezain gogorra izan zen Danok Bateko Eñaut Urreisti eta Mikel Manzik eta Markina-Xemeingo Alex Goitia eta Gorka Mugartegi Atain II.ak eskaini zutena. Markagailu estuak ondo erakutsi zuen gogortasuna, 30-26.
Azkenik, Azpeitiko frontoian jokatu zen emakumezkoen goi mailako Euskal Herriko Txapelketako: Markina-Xemein eta Berriatua aurrez aurre. Batetik, Arai Lejardi eta Erika Mugartegi, eta bestetik, Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabal. Markina-Xemeindarrak nagusitu ziren 30-22ko emaitzagaz.