Berritasuna eta tradizioa uztartuko ditu Etxebarriko V. Elizpe Rock jaialdiak
Apirilaren 15ean lehen aldiz Lea-Artibai eskualdetik kanpoko taldeak etorriko dira Etxebarrira arte.
Rock doinuek beste urte batez hartuko du Etxebarriko elizpea. V. Elizpe Rock jaialdia, berriz, berritasunak eta tradizioa uztartuko ditu aurten, denetarik egongo da azken batean. Galtzen ez dena, esate baterako, eszenatoki handietatik aldenduago dauden taldeekiko apustua mantentzen dute. “Estilo desberdinetako taldeak erakarri ditugu gurera, izen handiak daude eta taldeen izenak kaleratzerakoan jendea gogotsu agertu da”, azaldu du Julen Hernando antolatzaileetako batek.
Hain zuzen ere, aurreko urteetako ikusleen eskakizunak entzun eta gero, eta bosgarren urtemuga izanik, antolatzaileek taldeak zabaldu nahi dituzte, Lea-Artibai eskualde kanpoko musikariak etorriko dira Etxebarrira arte. Lau izango dira eskualde kanpoko taldeak; Arrasateko Hankaz Gora taldea, Bilboko Uger, Laudioko Erasoz Erantzun eta Durangaldeko Pennyfleck. Hala ere, eta era berean, orain arteko helburua mantentzen dute, hau da, “inguruko taldeak hauspotzea, jendaurrean jotzeko aukera zabaltzen dugu”. Multzo horren barruan daude Aterking, Dena, Shibari, Ume Okerrak, Gominols, AD eta DJ Elepunto. Horrez gain, eta tradizioa mantenduz, herriko trikitilari gazteek emango diote hasiera jaialdiari. Aurten ez dira bakarrik egongo, Berriatuko Tarine musika eskolako partaideek ere parte hartuko dute.
Guztira hamar talde baino gehiago talde elkartuko dira apirilaren 15ean. Data da beste berritasun handienetako bat, ohiko egutegira itzuliko dira. Iaz udan, ekainean, antolatu zuten Elizpe Rock eta erantzuna ona izan bazen ere, antolatzaileek hausnarketa prozesua abiatu zuten. “Pandemiaren ostean bide berri bat zabaldu nahi izan genuen, baina egia da udan egiteko asko dagoela, edozein lekutan dago kontzertu edo jaialdiren bat, gaitza da data on bat aurkitzea”. Beraz, tradiziora itzultzea erabaki dute eta aste santuan egingo dute jaialdia, lehen aldietan bezala. Elizpe Rock jaialdi berezia da, “gutxi daude Euskal Herrian horrelako formatuekin, bakarrenetarikoa da, intimoa da, baina, era berean, bi eszenatokiek aukera asko zabaltzen ditu”.
Gainera, kontzertuez gain, beste asko eskaintzen du Etxebarriko jaialdiak. Azken urteetako bideari jarraituz Markina-Xemeingo EUP! irratiaren eta Ondarruko Radixuren arteko konexioa eginda irratsaioa egingo dute. Horrez gain, eskualdeko artisau produktuen azoka antolatuko dute beste behin plazan. Aurten, beste berritasunetako bat izango da ekimen guztiak arratsaldean elkartuko dituztela, beste urte batzuetan goizetik hasi dira. Jarraikortasuna eman nahi diote jaialdiari eta horrekin lotuta bokatak eta hamburgesak jateko aukera emango dute beste urte batez.