Zabalik dago Lekeitioko Euskal Zine Bileran izena emateko epea
Euskal Herrian mantentzen den jaialdi zaharrena da, eta euskara hutsez egiten den bakarra.
Aurten 46 urte beteko ditu euskara eta zinema batzen dituen Lekeitioko jaialdiak. Euskal Zine Bilera urriaren 19tik 22ra egingo da, herriko Ikusgarri zinema aretoan. Euskal Zine Bilera ezaguna bada, bere baitan hartzen duen lehiaketagatik da. Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen ditu. “Zinea lekuko bat bezala ulertzen dugu, eskutik eskura bidaiatzen duena. Istorio bat, belarritik belarrira kontatzen doana eta aho bakoitzean desberdin bilakatzen dena. Aurten ere, istorioekin emozionatzen jarraitu nahi dugu. Etorkizunera begiratzen dugu, bidea egiten dutenen lorratzak jarraituz, euskarazko zine-zidorrak zabalduko dizkiguten bidegile berrien zain”, azaldu dute.
Bilera izatearen esanahia azpimarratu nahi dute, “zinemarekin lotura handiagoa edo txikiagoa dugunon norabideak batzen diren lekua hain zuzen”. Amateur zein profesionalen arteko harremanak, herritarren eta herrira etorriko direnen artekoak, zinema eta Lekeitioren artekoak, denetarikoak. Horregatik, Euskal Zine Bilerak “esperientzia eta bizipen berezia” izaten jarraituko duela izango dela diote. Euskal Herrian mantentzen den jaialdi zaharrena da, eta euskara hutsez egiten den bakarra. “Edizio berri honetan berez garenarekin konektatzen jarraituko dugu, jaialdiaren oinarrietatik sustraituz. Euskal Zinemak herriarekin duen lotura loratuko dugu, zinemara joateko ohiturari balorea emanez”. Hain zuzen ere, helburua da euskarazko ikus-entzunezkoen markoaren barnean aurkitzen diren eragileekin lanean jarraitzea, bertan aurkitzen diren profesional, amateur edota zaleen errealitateak hobeto ezagutu eta interesa izan ahal duten pertsonak erakarri.
Aurten ere hainbat sari banatuko dituzte. Zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dituzte. 3.000 euro irabaziko ditu zuzendari onenak eta 1.600 euro gidoi eta film onenaren saridunak. Gainera, ikusleak ere protagonista izango dira beste urte batez, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea, 750 euro poltsikoratuko ditu. Sari bera eramango du Gazte 22 sariko garaileak.
Lanak aurkezteko epea uztailaren 31ra bitartean mantenduko da zabalik eta bere oinarriak Euskal Zine Bileraren webgunean daude eskuragarri. Aukeraketa egiteko orduan, Lea Artibai eskualdeko egileen lanak jaialdian egotea bultzatuko dute, lehiaketa barnean zein lehiaketaz kanpo. Aurkezten diren lanen artean 20 inguru aukeratuko dituzte lehiaketan parte hartzeko. Sail ofizialeko lanen egileei sari banaketa ekitaldian parte hartzea errazteko Lekeition gaua igarotzeko aukera eskainiko diete.