Tarratadia, Pirt-Part eta Zirt-Zart
Lekittoko Mugimendu Feministia martxoaren 8an sartu zen lehen aldiz Andraetxe berrian. Horregaz batera, prozesu berri bat jarri dute martxan: Ujija prozesua.
Ujija emakumeen erraietatik, barrutik ateratzen den poz, algara edo barrearen soinua da. «Indarra erakusteko modu bat». Lekittoko Mugimendu Feministiak martxan jarri duen prozesuaren izena ere da. Masusta bategaz irudikatu dutena. Hiru fase dituena, herriko hitzekin jarritako izenekin: Tarratadia da irudikapena, Pirt-Part da eztabaida eta Zirt-Zart erabakia.
Lekittoko Mugimendu Feministia martxoaren 8ko manifestazioaren ondoren sartu zen lehen aldiz Andraetxe berrian. 2021eko urrian plaza merkatuko atzeko lokalean sartu ziren, eta orain epaitegietako eta gaineko Aguas del Norten dute herriko emakumeek etxe berria. Sartzeko data ezin zitekeen aproposagoa izan. Martxoaren hasieran lokala uzteko hitzarmena sinatu zuten Lekitto Mugimendu Feministiak eta Lekeitioko Udalak. Hitzarmena lau urterik behin berrikusiko dute bi aldeek. Hiru hilerik behin hurrengo hilabeteetarako aurreikusitako ekintzak azalduko dituzte Udal Berdintasun Batzordeagaz. Helburua da ekimenek «bat ez egitea» egun edo ordu berean, antolaketa hobe bat egoteko.
«Lekeitioko emakumeok guretzako espazio bat lortu dugun arren, erabaki behar duguna da zertarako edo zelan antolatu nahi dugun espazioa». Hori da hain zuzen ere lantzen ari direna. Hori da Ujija prozesua. «Helburua da herriko emakumeen artean eztabaida prozesu bat zabaltzea, erabakitzeko zertarako erabiliko dugun, zer beharrizan ditugun, zeintzuk izango diren helburuak, barne funtzionamendua, antolaketa eta beste gauza asko zehaztu behar ditugu». Prozesu hori emakume guztien artean osatu nahi dute, hau da, parte hartzailea da, denen ekarpenak jasoko dituzte.
Prozesua masusta bategaz irudikatuta, sasitik datozela adierazi nahi dute. Udaberrian, baina, sasi hori loratu egiten da, eta udazkenean fruitua ematen du. Martxoaren 10ean, emakumeen nazioarteko eguneko «aje emozionalagaz oraindik», 26 emakume elkartu ziren Andraetxian, lehen asanblada irekirako, Tarratadia deitu dutenerako. Nolako Andraetxia nahi duten erabakitzeko irudikapen fasea da. Ba koitzak bere ideiak azaldu zituen, bakoitzak bere ikuspuntutik. «Andraetxiaren dinamikaren atzean gauden emakumeok ezinbestean ikusten genuen Andraetxia zer izan behar den ez dela guk bakarrik hartu behar genuen erabaki bat, baizik eta herrian prozesu bat sortu behar zela horretaz berba egiteko, hausnartzeko eta erabakitzeko».
«Erabaki behar duguna da zertarako edo zelan antolatu nahi dugun espazioa»
Herriko mapa. Aldez aurretik, Joxemi Zumalabe Fundazioagaz jarri ziren harremanetan prozesua «behar bezala» bideratu ahal izateko. Euskal Herrian bestelako jendarte eredu baten alde lanean ari diren herri mugimenduak laguntzea, horixe izan da Joxemi Zumalabe Fundazioaren helburua. Herri mugimenduekin, herri mugimenduetatik eta herri mugimenduentzako lan egitea da.
Fundazioak gomendatu zuen Lekeition feminismoaren inguruan dauden emakumeekin elkartzea, herriko mapa bat osatzeko helburuagaz. Ia 100 emakumegaz batu ziren pertsonalki, prozesua azalduz eta bertan parte hartzera bultzatuz. Lekittoko Mugimendu Feministiatik azaldu dutenez, erantzuna «positiboa» izan da. «Jendeak beharrizana ikusten du herrian eztabaidatzeko zertarako izan behar den emakumeen etxea».
Joan den barikuko bilera «oso arina» izan zela esan dute, baina ez hitz egiteko eta eztabaidatzeko gogorik ez zegoelako, ezta gutxiagorako ere. «Ujija prozesuko pausoak jarraitu nahi izan genituen, bakoitza bere momentuan egin behar dela uste dugu, aurreratu barik, astiro eta ondo». Martxoaren 8ko «motibaziogaz» heldu zirela diote. Lekittoko Mugimendu Feministiatik emakumeen «aniztasuna» nabarmendu dute, arreta deitu zien, ez bakarrik asanbladan emakumeen nazioarteko egunaren manifestazioan, baita joan den zapatuan jubilatuen egoitzan egindako emakumeen bazkarian ere. «Urte berezia izan da, emakume profil desberdin askok parte hartu dutelako».
«Helburua Lekeitio feminista bat lortzea da, eta Andraetxia tresna bat da»
Lehenengo bileran petaloak atera zituzten. Hiru gai izanik, hiru petalo: helburuak eta printzipioak, espazioak eta antolakuntza eta finantziazioa eta kudeaketa. Hiru gai horien inguruan aritu ziren, ideiak azaleratu zituzten. Gero, emakume bakoitzak petalo bat aukeratu zuen; erosoen edo gehien lagundu edo interesa pizten dien arloaren arabera aukeratu zuten. Lan taldeak sortu zituzten, gai bakoitzagaz lotuta.
Hilabetero. Bigarren fasea eztabaida da: Pirt-Part. Hurrengo hiru hilabeteetan aurrera eramango dute. Hilabete bakoitzean bilera bat egingo dute, eta bertan hiru gai nagusietako baten inguruan eztabaidatuko dute. Apirilaren 21ean, 18:00etan, Andraetxian egingo dute lehendabizikoa. Bertan, helburuen eta printzipioen inguruan ariko dira. Maiatzean, espazioaren eta antolaketaren gaiak landuko dituzte eta azkenik, ekainean, kudeaketa eta finantzazioa izango dituzte hizpide. Horrela emango dute amaitutzat Pirt-Part fasea. Udazkenean berrekingo diote berriro prozesuari. Zirt edo zart egiteko unea helduko da, erabakiak hartzeko momentua, hain zuzen ere. Eztabaidetako argudioak hartuko dituzte, eta erabakiak hartu. Udaberrian sortutako lorea fruitua ematen hasiko da.
Zerbait aldatzen ari denaren sentsazioa daukate. «Andraetxian ujija sartu ginen, pozez, ilusioz, aldaketarako gogoz, baina aldi berean, arduragaz. Gure helburua Lekeitio feminista bat lortzea da, badakigu ez dela egun batetik bestera lortuko, eta Andraetxiatik bakarrik ez dela lortuko, baina beste tresna bat izan daiteke hori lortzeko bidean».