Aldundiak "ezinezkotzat" jo du Lekeitio ospitaleekin lotzeko zuzeneko autobus zerbitzua jartzeko eskaera
Aldundiko ordezkariek esan dute eskaera ez dutela arrazoituta ikusten eta ez dela bideragarria. Ekimenaren bultzatzaileek esan dute aldundiaren erantzuna “gogorra” izan dela.
Jabi Goitia Azurmendi, Irantzu Akarregi Erkiaga eta Martin Ibarrolaza Zabala lekeitiarrek jarri zuten ekimena martxan, eta udaletxean sinadurak aurkeztuta, Lekeitioko Udalak herritaren eskaera Bizkaiko Foru Aldundira bidali zuen. Aldundiaren erantzuna sendoa izan da: ez dute onartu Lekeitio eta Gernika-Lumoko eta Galdako-Usansoloko ospitaleak lotuko dituen zuzeneko autobus zerbitzua ipiniko, “ezinezkoa” dela arrazoituta.
Aldundiko zerbitzu teknikoek egoera aztertu dute eta ondorio argiak atera dituzte. Ez dute “arrazoituta” ikusten Lekeitio eta Galdakao-Usansoloko ospitalearen A3513 eta A3523 lineak zuzeneko zerbitzu bihurtzea. “Izan ere, eskari oso txiki baten bidaia minutu gutxi batzuetan murrizteak ekarriko lukeen onurak kalte izugarriak ekarriko lituzke, zerbitzurik gabe utziko bailirateke aipatutako lineen eskaera gehienak eta udalerri asko”. Hori egingo balute, ondoko herriak zerbitzu barik geratuko liratekeela esan du aldundiak: Ispaster, Ea, Ibarrangelu, Elantxobe, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Muxika, Zornotza, Galdakao, Amoroto, Gizaburuaga, Aulesti, Munitibar, Mendata eta Arratzu.
Ekimenaren bultzatzaileek diotena: “Udaleko inork ez zuen sinadura bilketan parte hartu, hasieratik ikusi genuen hori”
Horrez gain, aldundiko teknikoek esan dute linea berri bat ezartzea ekonomikoki ez dela “bideragarria”. Kontratuaren aurrekontua ia %7,5 handitzea ekarriko lukeela diote eta hori ez dela bideragarria “kontratuaren egungo baldintzetan”. Gehitu dute Lekeitioko eskaera onartuz gero, zuzeneko zerbitzuak ezarri beharko lituzketela “arazo bera duten gainerako udalerrietan”: Ondarroa, Bermeo, Markina-Xemein edota Elorrio, besteak beste.
“Aitzitik, Lekeitioko biztanleak Gernika-Lumoko eta Galdaka-Usansoloko ospitaleetara iristeko baldintzak hobetuko lituzkeen neurri bat hartzea Bizkaiko Lurralde historiko osorako berdintasunezko irizpide batzuen esparruan aztertu behar da, zerbitzu- eta mugikortasun-mailari eta aurrekontu baliabideen mugei dagokionez”. Azaldu dutenez, irizpide horiei Bizkaibusen etorkizuneko diseinuaren esparruan baino ezin zaie heldu. Aurreratu dute Sailak hurrengo hilabeteetan hasiko duela diseinu hori.
“Laguntza gehiago aurkitu nahi dugu. Denon indarra behar dugu arazo honi konponbidea aurkitzeko”
Gogorra. Eskakizunaren bultzatzaileek 2.467 sinadura batu zituzten, baina ez da nahikoa izan. Aldundiaren erantzuna “kolpe gogorra” izan dela esan dute. Salatu dute udaletik ez dutela “inolako laguntzarik” eskaini, biderapen lanak “besterik ez” dituztela egin. “Nahiz eta udalean agitean dagoen taldea gurekin harremanetan jarri ez, hau lortzeko euren laguntza behar dugu. Alderdi politiko guztien lana da hau lortzea, eta euren laguntza edukitzea espero dugu”. Hain zuzen ere, horregatik Lekeitioko EH Bildurengana joko dute; domekan [martxoak 26] bilera egingo dutela aurreratu dute.
Ekimenaren bultzatzaileek esan dute bihar [martxoak 22] elkartuko direla eta jasotako erantzunaren aurrean eman beharreko hurrengo pausoetaz hitz egingo dutela. “Laguntza gehiago aurkitu nahi dugu. Denon indarra behar dugu arazo honi konponbidea aurkitzeko, ezin daiteke medikura joateko lanean jai egun bat eskatu behar izatea edo taxi bat ordaindu behar izatea”.