Lekeitioko Denbora Bankuak batzar orokorrerako deialdia egin du
Lekeitioko Lagunkoia elkarteak eta udalak proiektua ezagutzera eman nahi dute.
Zerbitzuak, ezagutzak eta jarduerak herritarren artean trukatzeko sistema da Denboraren Bankua, elkarri laguntzeko sarea. Lekeitioko herritarren denbora da trukatzen dena batez ere, baina bide batez, adin eta jatorri ezberdinetako herritarren harremanean ere eragiten du. 2020ko otsailean jarri zen martxan eta orain 2023. urteko batzar orokorra egiteko unea heldu zaie. Bihar [martxoak 22] egingo dute 18:00etatik aurrera kultur etxeko Azkue aretoan.
Lekeitioko Udalak eta Lekeitio Lagunkoia elkarteak herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete, eta bide batez proiektua ezagutzera animatu. 2007. urtean egin zen Denboraren Bankua martxan jartzeko ahalegina, baina orduan ez zuten babes teknikorik ez eta kudeaketarik eduki. Denboraren Bankua sare bat da, eta bertan herritarrak parte hartzen dute. 18 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartu dezake, muga barik. Bazkideek orduen kontu bat zabaltzen dute, eta bertan zerbitzu eta ezagutza eskaintzen dituzten zehazten dute, zeintzuk hartu nahi lituzketen batera.