Rocka, lagunak eta garagardoa
Lehengo Itzalak taldea Irai da orain: talde «serioago» bat, bertsioak alde batera utzita eta abesti propioekin. Bi abesti grabatu dituzte, baita bideoklipa kaleratu ere.
Abeslariak bakarrik jarraitzen duen arren, Irai taldea lehengo Itzalak taldearen jarraipen bat da. Hori bai, formatua oso bestelako da: «serioagoa». 2019ko amaieran eta 2020ko urte hasieraren artean sortu zen taldea, baina ez zen 2023ra arte benetan egonkortu. Tarteko konfinamenduak ere bere eragin zuzena eduki du taldean. Aurrerapausoa eman nahi dute.
«Aukera orain heldu da, lehen lagunak ginen, ez musikariak, musika egiten genuen lagunak ginen. Ez genuen garapenik, bertsioetako hiru akorde jo, jai apur bat eta listo» dio Andoni Caballero Kaba-k. Bestelako zerbait nahi zuten taldeko kide berriek: Gorka Arrate Lopez bateria-jotzailea, Igor Rodriguez Ituarte Urrutxe baxu-jotzailea eta Oier Gurrutxaga gitarra-jotzailea. Gurrutxagaren figura nabarmendu dute denek. «Musikaria da ofizioz, eta asko nabaritzen da». Autodidakta izan dira asko, etxean gitarra joaz ikasi dutenak, musika eskolan baten bat, baina gehien bat logelan ikasitakoak dira. Horregatik, entsegu bakoitza «musika klase» bat dela aipatu dute: «Aberastu egiten gaitu».
Lehen kanten bertsioek ematen zituzten eta, orain, mugak kendu dituzte. Denek ezagutzen dute elkar gaztarotik, asko ondarrutarrak dira, «horrek asko laguntzen du». Hala ere, bakoitzak bere musika estiloa dauka, bere lana dauka, baina denek gehitzen dituzte xehetasunak taldearen eta musikaren mesederako. «Musika musika da, hori da gure hizkuntza, horrela elkar ulertzen dugu».
«Ez gara hasiberriak, baina badaukagu hasiberrien ilusio hori»
Denetarikoa. Eskola desberdinetatik datoz, urte asko daramatzate musikaren munduan eta talde askotan jotzen. «Ez gara hasiberriak, baina badaukagu hasiberrien ilusio hori». Kea eta izerdia nahi dute, besterik ez. Gaua eta garagardoa ere oinarrizkoak dira. Hori botatzen dute faltan. Itzalakekin kontzertu asko jo zituzten, eta jarraitzaileek Irai beste zerbait dela «berehala» nabarituko dutela uste dute.
Irai taldearen estiloaz galdetuta, «uf, galdera ona», esan du batek. «Euscorpions», beste batek. Zalantza asko dituzte, eta erantzun argigarri gutxi. Azkenean denak sartu dituzte: pop, rock, heavy, blues… denetarik. «Influentzia desberdinak dauzkagu. Bakoitza bere aldetik dator, batzuk klasikotik, beste bat black metaletik, bestea flamenko edo bluesetik. Kanta bakoitzari azkenean hiru bertsio ateratzeko gai gara». Eguraldiak gure egunerokoan eragiten duen moduan, ohetik altxa berriko sentsazioek eragiten du musikariengan.
Argi dagoena da identitate propio bat eraiki nahi dutela. «Beste soinu bat lortu dugu, nahi genuena». Konfinamenduan Mikel Etxaburu idazle ondarrutarraren edo Sustrai Colina edota Xabat Galletebeitia bertsolari lekeitiarraren bertsoei musika jarri zieten. Hain zuzen ere, kaleratu berri duten Trikua abestiak Colinaren letra dauka. Horrelako talde gutxi daude Euskal Herrian, horrelako letra eta rock-heavy doinuekin. «Estilo desberdina daukagu. Su Ta Garren milaka bertsio daude, baina originalak bakarrak dira. Irai ere originala da».
«Abeslariak segurtasuna behar du atzean, musikariengan konfiantza izan askatu ahal izateko»
Grabaketa estudioan sartu ziren bi abesti grabatzeko, Lorentzo Recordsen. «Esperientzia ona izan da, ikasten gaude etengabe, beti ikasten». Hemen Be Bai merkatari elkartearentzat kanta sortu zuten Josune Aramendiren letra batean oinarrituz, baita grabatu ere. Beste kanta batzuk grabatzeko baliatu zuten aukera, baina bertan geratu ziren. Orain, beste «esperientzia eta jakituria» bategaz sartu dira estudioan.
Hala ere, haien helburuak oso bestelakoak dira. Ez dute beste munduko ezer eskatzen, ez dituzte lortu nahi ezin lortu dezaketen helburuak: «Kontzertu batzuk jo nahi ditugu, lagunekin elkartu eta garagardo batzuk edan musika jotzen dugun bitartean». Hau da, zuzenekoak jo nahi dituzte. Ez dute beste askorik eskatzen, hori da gustatzen zaiena. Askatasun hori izan. «Abeslariak segurtasuna behar du atzean, musikariengan konfiantza izan askatu ahal izateko». Eta orain, hori inoiz baino gehiago dute.
Globala. Seriotasuna ez dute bakarrik musikagintzan oinarritu, gaur egungo mundu globalizatuan askoz gehiago behar da. Apustua komunikaziora ere zabaldu nahi izan dute, gaur egungo errealitatera egokitu, azken batean. «Talde batek etorkizuna eta zabalkundea izateko ezinbestekoa da sare sozialen erabilpena, eta lanean ari gara. Mugitzen».
Atzean geratu dira 500 maketa grabatu eta lan eta tabernen artean banatzeko garaia. «Apustu ekonomiko bat ere badago atzean, ezinbestekoa gaur egungo industrian, maketetan ez ezik, baita instrumentuetan eta materialetan ere bai». Saiatu, behintzat, saiatu nahi dute. Spotify eta horrelako plataformekiko menpekotasuna dago gaur egun, bertan egotea funtsezkoa da. Horrez gain, musikak ez ezik, irudiak ere berebiziko garrantzia dauka. Horregatik, Trikua abestiaren bideoklipa grabatu dute. «Irai dena agertzen da bideoklipean, beste barik, gu garena da».
Bide hori garatzeko, taldeko Xabi Ulaziak 13 soinua enpresa sortu du, bide hori ahalik eta hobetoen lantzeko. «Orain da udara begira kontratazioak egiteko garairik beroena, eta hori baliatu nahi dugu eta enpresaren bitartez ahalik eta zabalpen handiena izan». Ulazia ere udako gau luze horietako batean ezagutu zuten. Tekniko lanak egiten zituen eta, azkenean, lagunak bilakatu ziren. Hilbera taldeagaz ere badago lanean.
Udarako data batzuk zehaztuta dituzte, beste batzuk zehazteke daude. Lekeitioko Iparraldeko Haizeak jaialdian egongo da Irai, maiatzaren 20an. Markina-Xemeinen ere kontzertua emango dutela aurreratu dute.