EAJk Ondarroan elkartu ditu Lea-Artibai eskualdeko alkategaiak
EAJk “konfiantza, sinesgarritasuna eta erantzukizuna” eskaintzen dituela esan zuten atzoko [martxoak 26] ekitaldian.
EAJk Lea-Artibai eskualdeko herrietako alkategaiak elkartu zituen atzo [martxoak 26] Ondarroan egindako ekitaldian. Bertan Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusirako hautagaia eta Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidentea izan ziren. Horrez gain, Rafa Kareaga (Aulesti), Pedro Agustin Juaristi (Berriatua), Jesús Iriondo (Etxebarria), Garbiñe Sáenz de Buruaga (Ispaster), Oier Zuberogoitia (Lekeitio), Luis Egurrola (Markina-Xemein), Pedro Cenigaonaindia (Mendexa), Iker Belaustegi (Munitibar), Aitor Basterretxea (Ondarroa) eta Ion Ander Barruetabeña (Ziortza-Bolibar) alkategaiak egon ziren.
Jeltzaleek ziurgabetasunean jarri zuten arreta: “ziurgabetasunari aurre egiteko modu bakarra da herrialde hobe baten alde lanean jarraitzea, seriotasunez eta helburu argiekin”. Gainera, EAJk “konfiantza, sinesgarritasuna eta erantzukizuna” eskaintzen dituela esan zuten: “talde sendoa eta batua eskaintzen dugu, helburuak argi dituena, etorkizuneko proiektu batekin Lea Artibaiko herri bakoitzarentzat eta Bizkaiarentzat”.