Lekeitioko Antzoriz-Eluntzeta eremuan zer egin daitekeen aztertu dute
Udalak hiru fasetan banatutako parte hartzea prozesua osatu du eta txostena osatu. 20 hektareetan lau gune banatu dituzte, bakoitzerako erabilera desberdinak aztertuz.
Lekeitioko Udalak urte eta erdiko negoziazioaren ondoren Maderas de Lekeitioko lur eremua erosteko akordioa sinatu zuen 1.350.000 euroren truke. Hogei hektareako lurraldea inbertsioaren erdia udal baliabideekin ordainduko da eta gainontzekoa kreditu bidez. Politikariek “estrategikotzat” jo zuten erosketa herriarentzat “aukera berriak” zabaltzen dituelako. Hori bai, erosketa “hasierako pausoa” besterik ez dela esan dute.
Orain bigarrena eman dute. Prozesu parte hartzailea gauzatu dute, hiru fasetan banatuta. Lehendabizikoan, Antzoriz-Eluntzeta eremuaren karakterizazioa eta aurretiko diagnostikoa egin dute. Bertan, eremuaren “elementu bereizgarriak” nabarmendu dituzte, baita egungo egoera ere, bai ikuspegi juridikotik, hiri-antolamenduaren ikuspegitik (eragiten dioten planak aztertuz), eta baita ingurumen- eta gorputz-egoeraren ikuspegitik ere.
“Edukiak eta ondorioak informazio teknikoa parte-hartzaileen pertzepzio, iritzi eta proposamenekin gurutzatzearen emaitza dira”
Alde horretatik, oraindik “goiz” dela esan dute, hirigintza baldintzen arabera, eremuan jarri ahal izango eta lege diren behin betiko erabilerak finkatzeko. Aurreratu dute Plan Berezi Supramunizipal bat idatzi beharko dela. Honek Espainiar Estatuko, Euskal Autonomia Erkidegoko eta probintziako eraginak izan beharko ditu kontuan. Bestetik, Lekeitioko eta Ispasterko HAPOen (gaur egun behin betikoa onartzeko prozesuan) baldintzak bete beharko ditu. Horren arabera, debekatuta daude eremuan erabilera industrialak edo etxebizitzakoak egitea.
Herritarren ekarpenak. Gero, partaidetza prozesua jarri zuten abian. Horretarako barne zien kanpo estrategiak gauzatu dituzte. Udaleko politikari eta teknikariek bost bilera egin dituzte. Herritarrengana heltzeko hainbat bide osatu dituzte: bi parte hartze saio, online inksta, posta elektroniko bidezko ekarpenak edota panelen erakusketa. Guztira 400 pertsonen ekarpenak jaso dituzte parte hartze prozesuan. Hala ere, eragile denek nabarmendu dute Lekeitioko gazteen “inplikazio handiagoa” nahi dutela, haiek izango baitira guneaz gehien gozatu ahal izango dutenak”.
Mugimendu “estrategikotzat” jo dute, parte hartzaileak erostearen alde agertu dira, “udalerriari geratzen zaion azken hedapena baita”.
Hain zuzen ere, bildutako datu eta iritzi guztiekin osatu dute txostena: “edukiak eta ondorioak informazio teknikoa parte-hartzaileen pertzepzio, iritzi eta proposamenekin gurutzatzearen emaitza dira”. Ondorio ugari atera dituzte, arazoak edota proposamenak bezain beste. Udaletik lortutako adostasun politikoa nabarmendu dute, indar politiko guztiak ordezkatuta egotea prozesua “sendotu” egiten duela “prozesuari ekiteko batasuna eta baterako borondatea”. Era berean, mugimendu “estrategikotzat” jo dute, denak erostearen alde agertu dira, “udalerriari geratzen zaion azken hedapena baita”.
Helburu desberdinak. Lur eremuak lau gune nagusi ditu: Antzoriz-Eluntzeta, Maderas de Lekeitio, erdialdea (baserri eta inguruak) hegoaldea (baso babestua eta bide lotura). Lehengo enpresaren eremua potentzialki kutsatutakoa da eta agintariek zein herritarrek “argi” ikusi dute lehenengo gauza lurrak deskontaminatzea dela. Inbertsio handiak direnez, finantzazio “egokia” bilatzea adostu dute.
“Parte hartzaile gehienek aisialdirako berdegune handi gisa ikusten dute lekua, herritar guztiek erabiltzeko eta gozatzeko”
Iparraldeko eremua, itsasertzetik hurbilen dagoena, aisialdirako eremu egiteagaz “guztiz ados” agertu dira parte hartzaileak. Herriarentzat jarduera “nabarmena” izango litzaketela diote. “Parte hartzaile gehienek aisialdirako berdegune handi gisa ikusten dute lekua, herritar guztiek erabiltzeko eta gozatzeko”. Turistak erakarriko lituzkeela diote eta horretarako kudeaketa eta aurreikuspen “egokia” egin behar dela. “Eztabaida gehien sortu zuen gaietako bat da, beraz, hurrengo urratsetan kontuan hartu beharreko elementu nagusietako bat izango da”. Era berean, etorkizunerako erabilpen berriak ez dituzte baztertzen.
Erdialdeko baserri inguruan herriko eta eskualdeko eragin ekonomikoa duen ekimenen bat ezartzeko eremu “egokia” dela ikusten dute. Horretarako, aurretik, baserriaren birgaitze integrala egin beharko litzateke, eta ondoko lurren erabileraren aukerak aztertu. Azkenik, hegoaldean, bi dira aurreikusitako proiektuak. Batetik, herriagaz lotura ezartzeko zonaldea izan daiteke, eraztun berdea “indartzeko eta sendotzeko” erabili, bertan oinezkoentzako ibilbide asko baitaude. Horrez gain, Otoio mendiko baso eremuan modu jasangarrian kudeatzeko teknikak aztertuko dituzte. “Nekazaritza ekologikoko eremuak egiteko lurralde egokia da, baita hiri-baratzeak egiteko ere”. Bide horretatik, energia berriztagarriak jarri nahi dituzte eta energia-komunitate bat eratzeko aukera aztertu daitezkeela esan dute. “Udalerriko autokontsumorako balio dezake”.