Atxondo kiroldegian eta Unin instalazio fotoboltaikoak jarri ditu Markina-Xemeingo Udalak
Udalaren arabera, lortuko den energia aurrezpena %22koa izango da kiroldegiaren kasuan, eta % 35ekoa frontoiko plaken kasuan.
Energia Planak biltzen dituen neurriak egiten jarraitzen du Markina-Xemeingo Udalak. Orain, energia berriztagarrien aldeko “apustua berretsiz”, udalaren arabera udalerrian “gastu handienetako” bi eraikinetan inbertsioak gauzatu dituzte. Hain zuzen ere, eguzki instalazio fotovoltaikoak jarri dituzte Atxondo Kiroldegiko eta Uni frontoiko teilatuetan.
Horrela, argindar eskariaren “zati bat” asetuko dute bi eraikinetan. “Plaken bidez sortutako energia eskaera asetzeko gai ez denean, energia saretik hartu ahalko da, orain arte bezala”, zehaztu dute udal ordezkariek. Lortuko den energia aurrezpena %22koa izango da kiroldegiaren kasuan, eta % 35ekoa frontoian.
“Kiroldegiko plaken instalazioa eraikinaren autokontsumora bideratuko den bitartean, frontoiko plakek elkarbanatutako autokontsumoa ahalbidetuko dute”, azaldu dute. Hau da, Markina-Xemeingo beste hainbat eraikin frontoiko instalaziora konektatzeko aukera egongo da: udaletxea, liburutegia, jubilatuen egoitza, bake epaitegia eta Uhagon kulturgunea, hain zuzen ere.