Ikus-entzunezko bertsoak ekarriko ditu 'Anonyme Popular' ikuskizunak Markina-Xemeinera
Igor Elortza bertsolariak jartzen ditu hitzak eta ahotsak eta Rafa Ruedak soinua.
Ikus-entzunezko bertso jarriak dakartza Anonyme Popular ikuskizunak. “Ni eta zu eta guaren arteko espazio labainkor horretan sartu bezala ez irteteko esperientzia eskaintzen digu, hitzez, doinuz eta irudiz”. Hori eta askoz gehiago ekarriko ditu Markina-Xemeingo Uhagon Kulturgunera zapatuan [apirilak 1] 19:00etan. Sarrerak salgai daude dagoeneko kulturgunea@uhagon.com posta elektronikora mezua bidaliz, aurretiaz 8 euroren truke, 6 euro kulturguneko bazkideentzat. Egunean bertan ere sarrerak jarriko dituzte salgai. 60-70 minutuko emanaldia dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Igor Elortza bertsolariak jartzen dio hitza eta ahotsa ikuskizunari. “Anonyme Popular edonor izan daiteke, eta, aldi berean, norbait da. Igor da. Inor. Bere izenean eta besteren abizenean arituz, nitasun garaikide ertzdun bat dakargu hitzetara, gutartasun lanbrotsu baten erdian”. Azaldu dutenez, bere buruaz eta besteon munduaz hitz eginez ispilu “deseroso eta maitekor baten aurrean” kokatzen du ikuslea.
Bertsoen hitzaren eta ahotsaren “jarrera bereizgarri berekoak” dira Rafa Ruedagaz landu dituen doinuak eta soinuak ere. Rapa, trapa, popa, funkya, mundurako erritmoak… denetariko musika du egitasmoak. “Bertso-kantaro aurkituko da sorpresaz entzulea, aldiro, aldiaren kontraesanetara ertz ezberdinetik hurbiltzeko”. Kulturaz kooperatibak egin ditu ikus-entzunezko narrazioak.