Lekeitioko Udalak udan aparkalekua bermatuko die herritarrei
Iazko baimenek balio dute. Eskaera berriak egiteko epea apirilaren 17an hasiko da.
Ekainaren 1etik irailaren 29ra astelehenetik barikura 14:30etik 21:00etara baimenduek bakarrik aparkatu ahalko dute Lekeitioko gune batzuetan. “Helburua da udalerritik kanpo lan egiten duten herritarrek herrira bueltatzean euren autoa aparkatzeko aukera gehiago izatea”, adierazi dute udaletik.
Sei gune dira, iaz Eliz Atea kalea gehitu eta gero, guztira 750 aparkaleku: Santa Katalina, San Andres, Eusebio Maria de Azkue, Pietate, Maria Diaz de Haro, San Bixente Ferrer, Antiguako Ama, Karmengo Ama, Basotxo eta Basoaldea; Zumatzeta Buenaventura Zapirain, Otxoa Urkiza, Agirre Solarte eta San Inazio; Paskual Abaroa etorbidea eta San Juan Talakoa; Aldamiz Etxebarria eta 26 eta Letraukua; San Antolin, Aldaztorre eta Carlos Solano kaleak osorik; Txatxo Kaia kalean plaza eta portuaren arteko gunean; Eliz Atea kalea.
Jakinarazi dutenez, iazko pegatina dutenek aurten ez dute berriro eskatu beharko, pegatina horrek uda honetan ere balio baitu. Berria behar dutenek pegatina eskuratu ahalko dute turismo bulegoan eskaera eginez apirilaren 17tik aurrera eta maiatzaren 31ra bitartean; astelehenetik barikura 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Aparkatzeko baimenak 3 euro balio ditu.