Mikel Agirrek eta Aratz Mugertzak lehen mailako euskal pentatloia lehiatzeko txartela lortu dute
Ondarrutarra eta mutrikuarra 2. mailako txapelketako sei onenen artean sailkatu ziren zapatuan [apirilak 29] Tolosako zezen plazan.

Sei postu ziren eta hamabi parte hartzaile. Hau da, sei lehen mailara igoko ziren eta beste sei bigarren mailan geratu. Zapatuan {apirilak 29] Tolosako zezen plazak hartu zuen euskal pentatloiko 2. mailako final handia. Bertan izan ziren Mikel Agirre eta Aratz Mugertza. Biek ala biek lortu zuten lehen mailako finalerako kanporaketa lehiatzeko txartela: mutrikuarra hirugarren izan zen eta ondarrutarra seigarren.
Hamabi parte hartzaileek hiru lehiakidez osatutako multzoetan aritu ziren nor baino nor gehiago Tolosako zezen plazan elkartu ziren 300 pertsonen aurrean. Indartsuena Julen Kañamares izan zen, hamaika minutu eta 46 segundotan osatu zituen bost diziplinak: harri jasotzea, aizkora, txingak, giza proba eta korrika saioa. Bigarren Xabat Olaizola izan zen hamabi minutu eta bi segundogaz eta podiumeko hirugarren postura igo zen Mugertza mutrikuarra hamabi minutu eta sei segundoko azken denboragaz. Laugarren Jagoba Otaegi izan zen hamabi minutu eta 27 segundoko denboragaz eta bosgarren Jon Gisasola bi segundora.
Agirrek gehiago sufritu behar izan zuen. Lehia bizia izan zuen bere multzoan azkenean hamabi segundora bakarrik zazpigarren geratu zen Gorka Etxeberriagaz. Ondarrutarra Xabat Olaizola eta gipuzkoarraren atzetik aritu zen proba osoan zehar, baina aizkora saioan bigarren postura hurbildu zen. Agirrek onartu du antolakuntza akatsak izan zituela: “txingekin, adibidez, iazko irteera puntura joan nintzen berrira joan beharrean, eta hor 15-20 segundo galdu nituen”. Denbora galerak, berriz, indarrak besterik ez zion eman ondarrutarrari eta kilometro luzeko korrika saiora itzuli eta erdi atzetik hasi arren, gai izan zen buelta emateko. Etxeberria aurreratu bakarrik ez, itzuli baten gainditu zuen buruz-burukoan seigarren postua eta lehen mailarako sailkapena eskuratuz.

Argazkia: Mikel Agirre
Agirre “oso pozik” agertu da eta adierazi du pentatloi “oso borrokatua” izan zela: “Nahiz eta akatsak izan eta denbora galdu, aurretik egindako lan guztiaren emaitza ikusi ahal izan da eta fruituak eman ditu. Proba bakoitzean jarritako erritmoak errespetatu ditut gorputza larregi mindu barik eta korrika saioan harmailetako animoekin dena ematera atera naiz”. Hain zuzen ere, ondarrutarrak eskerrak eman nahi izan ditu bertaratutako denei eta entrenamenduetan alboan izan dituen guztiei. “Ezinezkoa da laguntzen izan ditudan pertsona guztiei eskerrak ematea. Pentatloia bakarkako lana dirudi, baina ez da horrela lan talde handia dago atzetik. Orain akatsetatik ikasteko unea da eta entrenamendu bakoitzak gozatzen jarraitu behin helburua beteta dagoen”.
Irailaren 9an lehiatuko dute Mugertzak eta Agirrek lehen mailako finalerako kanporaketan Azpeitiko zezen plazan. 2. mailako lehen sei sailkatuez gain, jokoan sartuko dira Andoni Iruretagoiena –Izeta VI, azken txapelduna–, Julen Gabirondo, Xabier Zaldua, Ioritz Gisasola, Aritz Irazabal eta Beñat Amade. Euskal pentatloiko final handia irailaren 23rako dago aurreikusita.