Lau urteren ostean itzuliko dira Lea-Artibaiko Eskolarteko Kirol eta Jolas Topaketak
Aurten Lekeition egingo dituzte topaketak; 500 ikasle baino gehiago elkartuko dira eguaztenean [maiatzak 3] eta eguenean [maiatzak 4].
Lea-Artibaiko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleek Lekeitio izango dute elkargune. Izan ere, eguaztenean [maiatzak 3] eta eguenean [maiatzak 4] 500 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute Lea-Artibaiko Eskolarteko Kirol eta Jolas Topaketan. Lau urteren ostean indarberrituta dator ekimena. Lekeitioko Azkue eta herri eskola dira antolatzaileak eta udalaren laguntza dute antolakuntza lan desberdinetarako.
Lekeitioko ikasleez gain, ondoko herrietako ikasleak ere batuko ditu ekimenak: Markina-Xemein, Ondarroa, Lekeitio, Munitibar, Ispaster, Amoroto, Aulesti, Etxebarria eta Berriatua. Helburua argia da, jolasak eta kirolak aitzakia hartuta, umeak elkar ezagutzea: “Harremanak bultzatzeko modu ezin hobea da, jarduera fisikoa egiten dute, ohitura osasuntsuak hartzeko bide bat da baita ere eta batez ere bizitza aktibo bat izatearen garrantzia nabarmentzen du”.
Topaketa 2018an egin zen azken aldiz. 2019an egitekoak ziren, baina konfinamendua ezarri zuten aste batzuk lehenago. Topaketak, izatez, aspaldikoak dira; aurtengoa 31. aldia izango da. LHko umeek urtero egiten dituzte, eta DBHkoek bi urterik behin eta modu bateratuan; herria aldatzen joaten dira. Hain zuzen ere, aurtengoa berezia izango da askorentzat, lehendabizikoa izango baita ia guztientzat. Hala ere, antolatzaileek gazteen arteko harremanak asko aldatu direla diote: “Ikastetxeetatik egun batez ikasleak atera nahi ditugu beste leku batzuetan ere elkarrekin egoteko, eta ez bakarrik gelan. Gaur egun jaietatik, kiroletatik edo kultur ekimenetik erlazio handiagoak dituzte. Ikastetxe denetako ikasleak biltzen dituen ekintza bakarra egiten da eskualdean, eta hau da”.
Eguenean [maiatzak 4] DBHkoen txanda izango da. Ekintzak herri osoan egingo dituzte horiek ere. Portuan, batzuk trainerura igoko dira eta beste batzuek Stand Up Paddle egingo dute
Gelditu barik. Eguaztenean [maiatzak 3] LH 5. eta 6. mailakoen txanda izango da, goiz osoa igaroko dute Lekeition, eguerdira arte. Gazteenak Larrotegiko herri eskolan elkartuko dira, bertan bost jolasgune antolatuko dituzte eta zelai errea, baloirik gabeko futbola eta antzerako jolasetan ariko dira. 6. mailako umeak lau gunetan banatuko dituzte herriko plaza, portu eta hondartzaren inguruan. Hiru gunetan mota guztietako ariketak egingo dituzte eta portuan arrauna egingo dute. 30 minuturo aldatuko dute diziplinaz eta ordu erdiko tartea edukiko dute hamaiketakoa jateko. 13:00etan amaituko dituzte ekimenak eta hondartzan elkartuko dira denak bazkaltzeko eta nahi duenak uretan sartzeko. 14:30ean itzuliko dira bakoitza bere herrira.
Eguenean [maiatzak 4] DBHko gazteek denetariko ekintzak egingo dituzte herri osoan zehar. Bost gune desberdin edukiko dituzte eta maila bakoitzak bere kirol modalitateak edukiko ditu. Adibidez, bi ibilbide antolatu dituzte, DBH1eko ikasleek Lumentzara arteko bidea osatuko dute eta zaharragoek Garraitz irla bisitatuko dute. Portuan, batzuk trainerura igoko dira eta beste batzuek Stand Up Paddle egingo dute. Herriko plazan, berriz, bi mailatako ikasleek elkarlan erronka desberdinak egingo dituzte kooperatibismoa sustatzeko. Azkenik, hondartzan zelai errea moduko jokoetan jolasteko parada izango dute. Txikiek bezala, 13:30ean bazkaltzeko elkartuko dira eta 15:00ak arte aisialdi denbora izango dute etxera itzuli aurretik.