Lekittoko Mugimendu Feministak Pirt-Part fasea jarri du abian
Maiatzaren 12an Andraetxearen kudeaketa eredu eta finantziazioaren inguruan hitz egiteko bilera egingo dute, eta parte hartzeko deia luzatu dute.

Lekittoko Mugimendu Feministaren Andraetxe berriaren sarrerak Ujika prozesua jarri zuen martxan. Hau da, alderdi guztietatik nolako Andraetxia nahi duten erabakitzeko prozesua. Lehendabizi, Tarratadia izeneko irudikapen fasea abiarazi zuten, eta horretan Andraetxia zelakoa izatea nahi dutenari buruz aritu ziren. Gero, Pirt-Part fasea hasi zuten; hilabete bakoitzean gai batzuen inguruan ariko dira.
Apirileko bilera irekian, esate baterako, Andraetxearen helburu eta printzipioak zehaztu zituzten. Aldez aurretik, ostera, Lekeitioko emakumeen espazio berriaren bisita gidatua egin zuten. Horrez gain, Lekittoko Mugimendu Feministako kideak konturatu ziren ez zutela elkar ezagutzen bakoitza herriko auzo batekoa edota profil ezberdinekoa delako. Horregatik, ezertan hasi aurretik zenbait dinamika egin zituzten elkarren arteko komunikazioa eta harremana sustatzeko.
“Ideia asko atera ziren, besteak beste, Andraetxia batez ere emakumeontzako espazio aske eta seguru bat izatea nahi dugula
20 emakumetik gora elkartu ziren eta hainbat gai jorratu zituzten. Horretarako, talde txikiak sortu zituzten, ideiak hobeto eta argiago transmititu ahal izateko. “Egia esan lehen bilera oso entretenigarria eta baliotsua izan zen ikuspuntu eta iritzi desberdin asko atera zirelako. Batez ere, bilerako helburu nagusia bete genuen: Andraetxearen helburu eta printzipioen inguruan eztabaidatzea, hausnartzea eta argudiatzea”. Taldeka jasotako proposamenak edota iritziak denen aurrean aurkeztu zituzten eztabaida osatu ahal izateko.
Behin betiko erabakiak balira ere, azken erabakia udazkeneko Zirt-Zart fasean hartuko dute; antolatzaileak “pozik” agertu ziren jasotako erantzunagaz. “Ideia asko atera ziren. Besteak beste, Andraetxia batez ere emakumeontzako espazio aske eta seguru bat izatea nahi dugula aipatu zen: nahi bezala komunikatzeko, printzipioak adierazteko, harremanak sortzeko, premian dauden emakumeei harrera egiteko, elkar zaintzeko edota boterea hartzeko”.
Hurrengo geltokia. Parte hartzaileen helburua da Lekeitio herri feminista bat izatea eta horretarako uste dute Andraetxia tresna “erabilgarri eta garrantzitsua” izan daitekeela. Horregatik, Ujika prozesuak aurrera jarraitzen du eta maiatzaren 12an 18:30ean dute hurrengo hitzordua. Orduan Andraetxearen kudeaketa eredu eta finantziazioaren inguruan ariko dira. Antolatzaileak herriko emakumeak bileran parte hartzera gonbidatu dituzte, “horrela jarriko ditugu nahi eta behar dugun Andraetxearen zutabeak”.