Yolanda Larreategi: "Lodifobia ez dugu gainditu, bere horretan jarraitzen du"
Markina-xemeindarrak Peru Abarka Album Lehiaketako narrazio onenaren saria jaso du ‘Puta gorda’ lanagatik. Epaimahaiak gaiaren gaurkotasuna eta eszenak goraipatu ditu.
Zelan zaude?
Oso pozik, baina aldi berean erantzukizun handia sentitu dut bat-batean, testuaren izenburuagatik eta testua bera gogorra delako. Lehiaketa irabazten dudan hirugarren aldia da, baina lehendabizikoa bezain berezia da. Poztasun ikaragarria da, inoiz ez dakizulako berriro irabaziko duzun edo ez. Jendeak oso ondo idazten du, azken batean lehiaketa bat da. Aurreko urteetan gai desberdinak jorratu baditut ere, beti ahalegindu naiz gai zailak lantzen, hunkitzen dutenak. Era berean, markina-xemeindarra izanda, herriko lehiaketa irabazteak berezitasun hori handiagotzen du.
Izenburuak asko dio: Puta gorda.
Izenburua izan zen burura etorri zitzaidan lehenengo ideia. Nire buruak horrela lan egiten du, lehendabizi izenburua datorkit beti, edozein gaitan, gainera, hitz bat edo esaldi bat, eta hortik eraikitzen dut beste guztia. Batzuetan atzetik dator esan nahi dudan guztia, baina beste batzuetan aurretik buruan bueltaka dauden ideiak ateratzen dira. Denaren pizgarria izenburua izaten da. Kasu honetan, gainera, izenburua oso gogorra da, baina gaur egungo errealitate bat da, eta pentsatu nuen ezin nintzela ezkutatu, eta horregaz aurrera egiteko erabakia hartu nuen. Ez dago arreta deitzeko modu hoberik.
“Internetek eta sare sozialek lodifobia handitu besterik ez dute egiten. Pertsona batentzako kolpe etengabea da mezu bakoitza”
Gero, zelan hasi ziren jaisten ideiak?
Puta gorda aukeratu dut asko direlako, baina puto gordo izan daiteke baita ere, badaudelako batzuk ere. Portzentaia handiago batean emakumeak izaten dira gizonezkoak baino. Txikitatik nire bizitzako inguru hurbiletik datorren istorioa da, eta ez pertsona bakar batengandik, askorengandik baizik. Nire bizitza osoan ikusitako hainbat kasutatik dator. Ez zaituzte lodi edo potola deitzen, gorda deitzen dizute, pisu ikaragarria duen hitza da, eta gero are eta indar handiagoa hartzen du puta gorda-k. Ez bakarrik gaztelaniaz, baita euskaraz ere. Narrazioan nerabe baten istorioa kontatzen dut txikitatik jasan izan duena gorda deitzea. Nahiz eta lodi ez egon, berak barneratuta dauka bera badela eta horrek dakarren kalte guztia. Gaur egun dena da fisikoa. Adibidez, orain irain gutxiago daude betaurrekoak edo haginetako aparatuak dituztenak. Alde horretatik aurrera egin dugu, gainditu ditugu. Betaurrekoak, esate baterako, orain modan eta dena daude. Baina lodifobia ez dugu gainditu, bere horretan jarraitzen du. Eta Internetek eta sare sozialek fobia hori handitu besterik ez dute egiten, edozeinek idatzi dezake edozer. Pertsona batentzako kolpe etengabea da mezu bakoitza. Estereotipoetan ez bazara sartzen, ez duzu zereginik, eta hortik sortzen da guztia. Horregatik, narrazioko protagonista munstro bat sentitzen da, higuingarria, eta inork ez du nahi beragaz egon. Hori guztia, berriz, ez du azaleratzen, dena gordetzen du, bere burua leporatzen du eta zigortu. Azkenean gaixotasuna sortzen du, gaixotasun mentala. Oraindik ez diogu ematen merezi duen garrantzia osasun mentalari.
Zuk dena azaleratu duzu.
Barruan nuen dena azaleratu dut narrazioan, burura etortzen zitzaidan modura, inolako autozentsurarik gabe. Dena. Bigarren pertsonan idatzi izanak ere bestelako indarra ematen dio testuari, zuri egiten dizulako berba modu zuzen eta gordin batean. Nerabeak bere buruari etengabe esaten dizkion gauzak agertzen dira, eta denen artean gehien errepikatzen da puta gorda. Pentsa zelako gauzak esaten dizkiogun gure buruari.
Zenbat denboran idatzi zenuen testua?
Berehala idatzi nuen testua, astebetean. Oso biszerala izan zen. Izenburuagaz batera oka bailitzan atera zitzaidan dena, zaborra delako hori guztia. Egia da nire narrazioak horrelakoak izaten direla, oso arinak, nire buruak horrela egiten duelako lan izenburua atera ostean. Ez da nobela bat, sei edo zazpi orrialde ditu bakarrik, eta idatzi nahi duzuna hain argi duzunean, dena bata bestearen atzetik ateratzen zait. Heltzen da momentu bat non obsesio puntua hartzen duen niretzako, eta ahalik eta arinen dena esan eta gainetik kendu behar dudala. Kapitulua idatzi eta liburua itxi. Ez dut ezagutzen idazteko beste modurik. Gauzak diren modukoak dira, ezin dira apaindu, eta horrela kontatu behar dira.
Epaimahaiak gaiaren gaurkotasuna nabarmendu du.
Beti egon dan gaia da eta, tamalez, oraindik geure egunerokotasunean askotan bizi duguna. Gai oso gaitza da, gizarteko arazo bat da. Noizbait denok egin dugu horrelako irain bat edo, bestela, jaso egin dugu. Ez da aldatu eta jarraitu egiten du, eta eskoletan funtsezkoa da gai honen inguruan berba egitea. Gurasoak tokatzen zaizkit idatzi nuenean esan nuen, eta orain berriro esango dut: psikologoak behar ditugu eskoletan. Ni irakaslea naiz Lehen Hezkuntzan, eta oso beharrezkoak direla uste dut, ez bakarrik horrelakoak lantzeko, baita beste asko ere. Irakasleok ordu asko gaude umeekin, baina ez gara denengana ailegatzen, gainera, ez gara adituak. Izan daiteke zantzuetaz ez konturatzea. Etxean batzuetan konturatzen ez bagara, eskolan ere gaitza izango da.
“Gogoa daukat ikusteko zelan ilustratzen duten, testu hau ilustratzea ez da erreza: zelan marrazten dira sentimenduak?”
Narrazioa irakurri dutenek zer esan dizute?
Tripak bueltaka hasi zitzaizkiela. Denok dakigu pertsonak batzuek oso txarto pasatzen dutela horrelakoetan, baina lupa jartzea beharrezkoa da ikusteko zer eta zelan sentitzen duen. Espiral amaigabe batean bilakatzen da. Sartzen ez zaren arte ez zara konturatzen zenbateko mina egiten duen. Bai edo bai argiratu beharreko testua zela esan didate, berdin zitzaiola lehiaketa irabazi edo ez, hori jendeak irakurri behar zuela. Hau jendeak jakin behar du.
Eta orain ilustrazioaren txanda da. Zelakoa espero duzu?
Lehiaketa honetan ilustrazioak beti izan dira onak, beti lagundu izan dio testuari. Gogoa daukat ikusteko zelan ilustratzen duten, testu hau ilustratzea ez da erreza: zelan marrazten dira sentimenduak? Normalean testuan agertzen ez den hori marrazten da, testuaren osagarri bat da. Seguru nago oso ona izango dela. Gogo asko ditut ikusteko nire barrutik ateratako hori zelan interpretatzen duen beste pertsona batek.
Gogoak dituzu argitaratuta ikusteko?
Aurkezpen egunera arte ez dut ikusiko, beraz, horrek ere urduritasuna sortzen dit. Erantzun positiboa izango dela uste dut kaleratzen denean. Jendeak uste dut pentsatuko duela behar zela horrelako testu bat, horrek egiak esan egin behar direla. Testu erromantikoak, topikoak edo ondo amaitzen direnak gutxi dira gero bizitza errealean gertatzen direnak. Identifikatuta sentitzen garen testuak behar ditugu, pentsarazten digutenak, eta helburua da nireak horrelakoak izatea, hau da, hausnarketa bat eta klik bat sorraraztea irakurri ostean: pertsona ez izatea hasieran eta amaieran berdina.