Lekeitioko Udalak eta Itsasmuseumek elkarlanean jarraitzeko akordioa sinatu dute
Azken urteetan modura, aurrerantzean ere Mendieta ontziolan egiten ari diren egonkortze lanetan elkarlanean jardungo dute.
Expovacaciones turismo azokan sinatu zuten akordioa bi aldeek. Udal ordezkariek esan dute hitzarmenak helburu “argiak” dituela: “Mendieta ontziola eta honi erantsitako eraikinaren etorkizunerako erabilerak adostea eta bi entitateen arteko lankidetza jarraitzea”. Ontziola euskal kultura ondareko eta, bereziki, itsas ondareko ondasun nabarmenetako bat da, eta Kantauriko kostaldean kontserbatzen den erriberako ontziolaren adibiderik “onenetarikoa” dela diote. Horregatik dago monumentu izendatuta eta Espainiako Industria Ondarearen Plan Nazionalean sartuta. Horrez gain, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean monumentu kategoriako kultur ondasunetako bat da.
Hori da Itsasmuseumek Mendieta ontziolako ondare historikoa ikertu, kontserbatu eta zabaltzen jarraitzeko arrazoi nagusietako bat. “Egonkortze eta berritze prozesua hasi zenetik ere, Itsasmuseumek bere laguntza eskaini du. Etorkizunera begira lankidetza honekin jarraitzeko asmoz sinatu dugu akordioa”. Itsasmuseumegaz sinatutako akordioari esker udalak bestelako hainbat helburu ere baditu: “Instalazioen jatorria eta izaera nabarmena kontuan hartuta, jarduera nagusia zurezko ontzigintzarekin lotuta egongo da, eta ontziolarekin eta haren ingurunearekin bateragarriak izan daitezkeen beste batzuk garatuko dira”. Besteak beste, eraikinaren kontserbazioa bermatzea, herriko kultura eskaintza zabaltzea eta herriko historian, memorian eta itsas ondarean sakontzea ere baditu helburu.
Lanak aurrera doaz. Azken urteetan Mendieta ontziola egonkortzeko lanak egiten ari dira; ontziolako lanak hirugarren eta azken fasean daude gaur egun. Helburua da herritarrek eta herria bisitatzen duten turistek erabilera publikorako erakusketa-areto-museo bezala erabiltzea. Amaitutakoan, bere ondoan dagoen etxea berreraikiko dute, 2007ko sutearen ondorioz eraikina behera etorri zen eta. Bertan, ontziolarako instalazio osagarriak jarriko dituzte eta baita hondartzako taberna, komunak eta sorosleentzako postua ere. Lan horiek egiteko Europako Next Generation funtsetatik jasotako diruaren zati bat erabiliko dutela esan dute.